Txorierri Eguna arrakastatsua

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 24a, 12:34

Antolatzaileek dagoeneko hurrengo edizioa dute buruan, izan ere, Txorierri Eguna arrakastatsua baino arrakastatsuagoa izan da. Txorierri Eguna joan den asteburuan, urriak  21 eta 22, izan zen Baserri Antzokian eta hara hainbat lagun batu ziren. Eta ez zen harritzekoa izan, antolatzaileek egitarau oparoa prestatu zutelako bi egunetarako, hala nola dantza-erakustaldiak, perkusioa eta bizikleta-ibilaldia.

Zapatu goizean, bertoko ekoizleek euren produkturik onenak eraman zituzten Baserri Antzokira, eta perretxikoak ere ikusgai ipini ziren Zizegorri Zamudioko mendi-taldearen eskutik. Era berean, euskal dantzen agerraldia egin zuten dantza talde hauek: Erandioko Goi Aldek, Sondikako Gorantzaileak taldeak eta Derioko Lainomendik. Miragarri Derioko taldearen dantzariek ere erakustaldi bikaina eskaini zuten bertaratuen gozamenerako. Bestalde, zer jan eta edan izan zen Baserri Antzokian eta, besteak beste, txakolina, gildak eta pastelak egon ziren indarrak berritzeko. Umeek eta gazteek ederto pasatu zuten perkusio-tailerrean eta Entzi eta Otsoa musikarien doinuek arratsaldea girotuko dute.

Domeka bizikleta izan zen protagonista. Gela Pedagogikoaren gidaritzapean, sei kilometroko ibilbidea egin zen: Baserri Antzokitik atera, eta Deriotik paseoa eman ostean Baserri Antzokira itzuli ziren parte-hartzaileak; han hamaiketako gozoa eta osasungarria zuten zain. Opariak ere zozketatu ziren bertaratutakoen artean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).