144 eguzki-plaka ipini dira Derioko kiroldegiko estalkian

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 24a, 13:28

Derioko Udalak jakinarazi duen moduan, 144 plaka fotovoltaiko jarri dituzte udal-kiroldegian; plaka horiei esker, espero dute eraikinak kontsumitzen duen energiaren % 40 ekoiztea. Udalak 84.161 euroko inbertsioa egin du, eta 76.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik.  

Gogora ekarri dutenez, orain dela hiru hilabete 30 eguzki-plaka ipini ziren udaletxeko teilatuan eta handik hona autokontsumoa ia % 43koa izan da, espero zuten baino % 3 altuagoa. Horrela, uste dute urteko aurrezpen ekonomikoa 4.000 euro ingurukoa izango dela eta karbono dioxidoaren emisioak 7,26 tonatan murriztuko direla. “Jarduera biek erantzuten diete udalak udal-instalazioetan eta eraikinetan eguzki-plakak edota energia-eraginkortasuna hobetzeko beste sistema batzuk jartzearen aldeko konpromiso sendoari”, adierazi dute.

Esther Apraiz alkatearen esanetan, “energia garbi eta jasangarrien aldeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta plaka hauek ipinita aurrerapauso garrantzitsua egin dugu energia berriztagarrien eta ingurumenaren iraunkortasunaren alde. Ingurumena gero eta modu irmoagoan babesten gabiltza, ekimen guztietan ingurumen-ikuspegia zainduz eta txertatuz”. Bestalde, esan du udalaren kutxan ere ondorio positiboak egongo direla. “Aurreikuspenaren arabera, kiroldegian ipinitako 144 eguzki-plakei esker 20.000 euro inguru aurreztuko dira, eta udaletxeko 30 eguzki-plakei esker, 4.000 euro. Zenbateko garrantzitsua da, beste beharrizan batzuei erantzuteko edo udal-zerbitzuak hobetzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).