Deriok 50.000 euro bideratu ditu zenbait landa-bide hobetzera

Aikor aldizkaria 2023ko abe. 4a, 12:13

Derioko Udalak jakinarazi duenez, hobetze-lanak egin dituzte San Kristobaleko, Larrabarriko eta Santo Domingoko landa-bideetan. Udalak 50.253 euro zuzendu ditu esandako bideetan konpontze- eta mantentze-lanak egitera. “Helburua da herritarrei oro har eta landa-auzoetan bizi diren pertsonei beharrezko hornidurak eta azpiegiturak eskaintzea, udalerri irisgarriagoa, seguragoa eta zainduagoa izan dadin”, zabaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Azaldutakoaren arabera, denboraren poderioz kaltetuz joan diren eremuak eta bideak garbitu dira, eta berriz asfaltatu, zuloak konpontzeko eta irisgarritasuna hobetzeko. “Jarduera hauei esker, asfaltoaren egoera txarrarekin lotutako istripuak ere saihestuko dira”.