SADeko langileek mobilizazioa egingo dute eguenean, Mankomunitateari ardura hartu dezan eskatzeko

Aikor aldizkaria 2024ko urt. 2a, 12:16

Txorierriko Etxez Etxeko Laguntza-zerbitzuko (SAD) langileek eta Itaiak mobilizaziora deitu dute egunerako, urtarrilak 4. Komunikatu baten bidez jakinarazi dutenez, helburua da Txorierriko Mankomunitateari eskatzea “SADeko langileen egoeraz arduratu dadin eta Urgatzi SL enpresari presioa egin diezaion, oinarrizko lan-baldintzak bete ditzaten”. Manifestariak 18:30ean irtengo dira Txorierriko Mankomunitateak Derion duen egoitzatik.  

Azaldu dutenez, hauek dira betetzeko eskatzen duten oinarrizko lan-baldintzak: kasuak taldeka batzea, lan-arropa zerbitzua ematen den landa-ingurunera egokitzea, erabiltzaileen txostenak eguneratzea, ordu erdiko lan-zerbitzuak kendu eta ordubeteko lan-zerbitzu bihurtzea, langile guztiek udalerri guztietan aparkatzeko txartelak izatea, senideei eta zaintzaileei atsedena hartzeko orduak eskaintzea eta langileek euren autoa erabili behar izateari irtenbidea ematea. “Langileon lan-baldintza penagarriak gogor salatzeaz gainera, Mankomunitatearen jarrera ere azpimarratu nahi dugu. Izan ere, egoera honen aurrean beste alde batera begiratzea ere egoeraren arduraduna izatea da. Langileon aldarriei berehalako konponbidea ematea exijitzen dugu”. Bestalde, esan duten moduan, “egoerak langileen lan- eta bizi-baldintzetan ez ezik zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileengan ere eragina du”.

SADeko langileak duela urtebete hasi ziren mobilizatzen euren lan-baldintzak salatzeko eta horiek hobetzeko borrokatzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).