Komunikatu baten bidez adierazi moduan, milioi bat euro falta dituzte Urduñako Monasterioa ordaintzeko, eta Derioko komentua saltzeko baimenik ez dutenez, proposatu dute diru-kopuru hori komunitatetik kanpoko erosle batek ipintzea; asmoa da dirua itzultzen diotenean pertsona horrek klaratarrei monasterioa ematea. Hala ere, Elizbarrutiak zalantzak izan ditu eroslearen nortasunari buruz, eta salerosketa bertan behera utzi da. Ondorioz, Beloradoko komunitateak 1,6 milioi euroko kalte-ordaina eskatu du, bertan egindako lanengatik, eta auzia auzitegian dago gaur egun. Euren komunikatuan esan dute komentua eta monasterioa oso “erakargarriak” izan behar direla batzuentzat, azken urteetan jasaten dabiltzan trikimailuen baitan daudelako. Euren ustez, linea tradizionaleko komunitateak desegiteko modus operandi dira, euren eraikinekin gelditu eta saltzeko.
Moja klaratarrek Pio XII.a aitortu dute azken aita santu baliozkotzat, eta ondorengo pontifizeei heresiak leporatu dizkiete. Era berean, Pablo de Rojas Sanchez-Francoren Pia Batasun Sancti Pauli Apostoliren parte izatera pasatu dira; horiek ez dute Erromarekin bat egiten, eta euren fundatzailea eskumikatu zuten.
Bien bitartean, Mario Iceta Burgoseko artzapezpikuak Vatikanoari jakinarazi dio mojen erabakia, eta kaperauari agindu dio momentuz monasterioan eukaristiarik ez egiteko. Era berean, fededunei eskatu diete mojen Urduñako eta Beloradoko monasterioetan ekitaldi liturgikoetan parte ez hartzeko.