Deriok gizarte-alokairuko 88 etxebizitza eraikiko ditu Aldekone Goikoan

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 27a, 14:59

Derioko Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, ekainaren 25eko osoko bilkuran aho batez onartu zen Aldekone Goikoa auzoan 88 etxebizitza eraikitzeko proiektuari buruzko kontratu-aldaketa. “Aldaketa horren barruan sartzen da, alde batetik, aurreikusitako etxebizitza-kopurua handitzea, 77 etxebizitzatatik 88 etxebizitzatara, eta bestetik, salmenta-erregimenaren ordez, babes publikoko etxebizitza horiek alokairu-erregimenean sartu ahal izatea”.

Albiste ona da gobernu-taldearentzat, “udalerrian hain beharrezkoak diren alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko urrats berria baita”. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “gobernu-talde honek etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko aukera erraztu nahi die merkatu librean erosi ezin duten derioztarrei, emantzipatu nahi duten gazteei eta egoera zaurgarrian daudenei”. Prentsa-oharrean, Etxebideren datuak aipatu dituzte. Horien arabera, Euskadiko biztanle gehienek, eta bereziki gazteek, pentsatzen dute alokairua dela euren egoerara hobeto moldatzen den aukera. Apraizen hitzetan, Derion ere horrela da. “Etxebizitza izatea derioztarren kexa nagusietakoa bihurtu da. Orain arte ohikoa izan da salmentan zegoen etxebizitza eskuratzea, baina eskaintzarik ezak eta udalerriko eskariak garamatzate alokairu soziala sustatzen duten neurriak hartzera”.

Aipatutako adierazleek “udala bultzatzen dute etxebizitza-modalitate honetan lan egiten jarraitzera, gazteak beste udalerri batzuetara ez joateko edo egoera zaurgarrian daudenak Derion gera daitezen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).