EMAUS

San Isidro jaietan izan gara

a eta t: Joanes Camara 2024ko eka. 28a, 13:27

PAI Bitartean eguneko zentroa Derion dago, eta aurten ere herriko jaietan parte hartu nahi izan dugu Emaús Gizarte Fundazioko langileok. Orain dela bi urte, udalak eta jai-batzordeak lagunduta, Zumbathlon ekintza solidarioa antolatu genuen. Oso ekintza arrakastatsua izan zen, bertan 100 pertsona baino gehiago ibili ziren eta. Batu genuen dirua Gure Señeak elkarteari eman genion. Aurten, berriz, stand bat ipini genuen herri-azokan.

Proposamena jai-batzordeak egin zigun, eta guk onartu genuen. Herri-azoka maiatzaren 11n egin zen. Artisauen postuez gainera, jai-batzordeak gune bat atondu zuen, herriko elkarteek euren burua eta lana jendaurrean aurkeztu zezaten. Gure lana azaltzeaz gainera, erakundearen egunerokotasuna islatzen duten argazkiak ipini genituen gure standean. Era berean, Ganbara Gizarte Irratian parte hartzeko aukera eman genuen. Horretarako, hurrengo galdera honi erantzun behar zitzaion: Zuk zer egiten duzu zure komunitatea hobetzeko?

Beste aldetik, herri-azokan parte hartu genuen erakundeok maiatzaren 17ko pregoian egoteko gonbidapena ere jaso genuen, helburua zelako herriko elkarteak eta erakundeak omentzea. PAI Bitartean eguneko zentroko erabiltzaile eta langile askok parte hartu genuen ekintzan, eta kalejiran irten ginen Kultur Birikatik herriko plazaraino. Gure ordezkariak udaletxeko balkoian izan ziren ekintzak iraun zuen bitartean.

Derioko komunitatearen parte izateak asko pozten gaitu Emaús Gizarte Fundazioko langileok eta erabiltzaileok. Horri lotuta, lerro hauetatik, Derioko jai-batzordeari eskertu nahi diogu aurtengo San Isidro jaietan parte hartzera gonbidatu izana.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).