Langileek eta enpresak akordioa lortuta, bertan behera utzi da Derioko kirol-langileen greba

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 5a, 13:17

Derioko kiroldegia eta udako igerilekuak normaltasunez ireki ziren atzo, uztailak 4. Izan ere, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, akordioa lortu da langileen eta enpresaren artean. Adostutako lan-hobekuntzen artean hauek dira aipatzekoak: 2027ko urtarriletik aurrera 1.592 orduko lanaldia; 2024tik aurrera 18 orduko baimen ordaindua medikuarenera joateko edo 14 urtera arteko senideei edo menpekotasuna duten senideei laguntzeko; igandeko plusa ohiko ordua baino % 15 gehiago ordaintzea; eskoa-saioak prestatzeko plusa hobetzea; eta lanpostu hutsak betetzeko irizpideak adostea.

Gontzal Jauregi ELAko ordezkariaren esanetan, langileak pozik daude lortutako lan-hobekuntzekin, gehiago lortu zitzaketen arren. Horri lotuta, adierazi du langileak nahiko nekatuta zeudela, lan-baldintzak hobetzeko borroka luzeari aurre egin behar izan diote eta. Horrela, kiroldegian bertan egindako 26 greba-egunez gainera, abendutik hona sektorean deitutako grebekin eta mobilizazioekin bat egin dute: 50 greba-egun inguru. Nolanahi ere, berriro azpimarratu du pozik daudela eta “enpresak agindu duela hemendik aurrera langileak kontuan hartuko dituela”.   

Beste alde batetik, kuoten itzulketari dagokionez, Derioko Udalak jakinarazi du kalkuluak egin ostean kiroldegiko, ikastaroetako eta udako igerilekuetako kuoten parte proportzionala itzuliko zaiela erabiltzaileei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).