Denboran zeharreko bidaia egin du DATek

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 11a, 12:17

DAT Derioko Argazkilaritza Elkarteak Bidaia denboran zehar argazki-erakusketa atondu du Kultur Birikan. Guztira 25 argazkik osatzen dute erakusketa, bidaia egiten duena Historiako hainbat garaitan zehar, antzinako Greziatik Napoleonen garaira. Erakusketa urriaren 31ra arte bisitatu daiteke.

“Erakusketaren helburua da publikoari esperientzia bisual bat eskaintzea, Historiako hainbat leku eta momentutara bidaiatu dadin, xehetasunen benetakotasuna nabarmenduz eta pertsonaiak modu zehatzean aurkeztuz”, azaldu dute DATeko kideek. Jantziak hurrengo elkarte hauek birsortu dituzte: Otsolur, Iparreco Iaunac, Athena Promakhos eta Airsoft Bizkaia. Argazkilariek elkarteen lana azpimarratu dute. “Denbora eta baliabide propio asko erabiltzen dituzte argazkietan dauden zehetasunak lortzeko. Memoria historikoa babesten dute”.

Kontatu duten moduan, DATeko kide batzuek aurretik ere lan egin dute aipatutako elkarteekin batera, eta egitasmoa praktika moduan jaio zen hasiera batean. “Argazkilaritza-saio ezberdin batez gozatzeko aukera zen argazkilariontzat, eta modeloek, bestalde, argazkiak eskuratuko zituzten. Hala ere, saio batzuk egin ostean, konturatu ginen erakusketa bat egiteko materiala genuela, eta Derioko Udalaren Kultura Sailari esker antolatu ahal izan dugu”.

Modeloez gainera, saioetan parte hartu dute 10 argazkilarik eta jantziak birsortu dituzten sei lagunek. Guztira 12 argazki-saio egin zituzten zortzi hilabetetan. “Kolaborazio itzela izan da. Maila pertsonaletik harago, asko ikasi dugu diziplina honi buruz, eta jakina, elkarlanean jarraituko dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).