Bizkaiko emakume baserritarrak Baserri Antzokian batuko dira

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 11a, 12:25

Urriaren 15a da Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emakume baserritarren arteko topaketa antolatu du egun horretarako, Txorierriko Baserri Antzokian. Ekimenaren helburua da, alde batetik, Bizkaiko emakume baserritarrentzako lan-plana aurkeztea, eta bestetik, landa-eremuko eta hiri-eremuko emakume ekintzaileak elkartzeko eta elkar ezagutzeko gune bat sustatzea.

Ekitaldia 10:00etatik 14:00etara izango da. Arantza Atutxak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, hasiera emango dio ekitaldiari, eta lanerako planaren berri aurkeztuko du. Bestalde, ekitaldian hurrengo aditu hauek ere hartuko dute parte: Pilar Martinezek, giza garapenaren eta erakunde-garapenaren arloko prestatzaileak; Neus Monllorrek, nekazaritzako gai sozialen arloko aholkulariak eta Amaterraren sortzaileak; eta Saioa Alvarezek, nekazaritzako gai sozialen arloko dinamizatzaileak eta emakume baserritarrentzako lan-planean laguntzeko teknikariak. Besteak beste, solasaldiak izango dira, erronkak eta lorpenak partekatuko dira eta emakume ekintzaileen egitasmoak ezagutaraziko dira, adibidez, EmakumeEKIN, Etxaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Saskia elkarteen ekimenak. Talde-dinamikak eta banakako dinamikak ere egingo dira.

Topaketa doakoa den arren, izena eman behar da formulario hau beteta edo saioa.alvarez@amaterra.eu helbide elektronikora idatzita. Topaketa amaitu ondoren, Baserri Antzokian bazkaltzeko aukera egongo da 14 euroan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).