Valentziara eramateko materiala batzen dabiltza Derion

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 4a, 10:47

Bilketa gaurtik eguaztenera arte (azaroak 4, 5 eta 6) egingo dute Marikobaso Espazioan, 17:00etatik 21:00etara, eta hauek batuko dituzte: katiuskak, lanerako buzoak, musukoak, eskularruak, erratzak, trapuak, kuboak, desinfektatzaileak eta palak. Irrintzi tabernan ere hurrengo hauek batuko dituzte 20:00ak arte: pixoihalak (umeentzat zein nagusientzat), umeen esnea, elikagai iraunkorrak, ura, garbitzeko produktuak eta musukoak.

Beste toki edo herri batzuetan ere valentziarrei laguntzeko materiala batzen badabiltza, aikortxori@aikor.com helbide elektronikora idatzita edo 747 406 561 telefono-zenbakira whatsappa bidalita jakinarazi ahal diguzu. Beste alde batetik, Sondikako eta Derioko Udalek gizarte-sareetan jakinarazi dutenez, EUDELen eta Eusko Jaurlaritzaren jarraibideen zain daude, laguntza bidaltzeko protokoloa ezartzeko. Hori dakitenean, ohiko bideen bidez jakinaraziko dute.