Azaldutakoaren arabera, Derioko 30 familiak gutun bana jaso dute, eta bertan jakinarazi zaie euren seme-alabak aukeratu dituztela GazteForoan parte hartzeko. “Parte-hartzaileak zozketa baten bidez
aukeratu dira, eta tokiko gazteen ausazko ordezkaritza gardena bermatu da”, azaldu du Udalak. “Hautatutakoek hainbat saiotan parte hartuko dute, eta, horietan, kontseiluaren funtzionamendua eta egingo diren zereginak zehaztuko dituzte, hezitzaile desberdinen eta udal teknikarien laguntzarekin batera”. Gainera, udalak izena emateko formulario digital bat prestatu du, nahiz eta gutuna jaso ez, nahi duten gazteek Gazte Foroan izena eman dezaten. Epea azaroaren 14ra arte egongo da zabalik.
GazteForoaren hasierako saioak Kultur Birikan egingo dira, eta bertan ezarriko da kontseiluaren lan-egitura, “udalerriko gazteentzako gune inklusibo eta dinamiko bat sustatuz”. Saioak azaroaren 15ean eta 28an eta abenduaren 3an eta 19an. "Proiektu hau urrats garrantzitsua da Derioko Udalak belaunaldi berriak tokiko erabakietan inplikatzeko eta txikitatik herritartasun aktiboa sustatzeko duen konpromisoan" adierazi du Esther Apraiz alkateak. "Ekimen berri bat da, bere garaian zazpi urtetik gorakoentzat aurrekontu parte-hartzaile prozesuetan parte hartzeko aukera eskaini genuen modukoa.
Helburua gaztetatik herrian ahotsa dutela jakinaraztea da, beren inplikazioa bilatzea, eta sentimendu horrek udal jardueretan oihartzuna izatea. Konpromiso hori gaztetatik piztea lortzen badugu, guztion artean eraikitako herria izango dugu".