Prentsa-oharrean azaldu duten moduan, Mantuliz inguruan luxuzko urbanizazioa eraikitzeko proiektua ipini zen martxan, 1,2 milioi metro koadrokoa. “2006an lanak hasi ziren, golf-zelai bat eta 546 etxebizitza egiteko, baina proiektua krisia dela-eta gelditu zen bertan behera. Ordurako, baina, lur metro kubiko asko mugitu ziren, mendiari zati bat kendu zitzaion eta zati handi bat urbanizatu zen. Gaur egun, asfaltatutako kaleak hor daude, nahiz eta baliozkoa zen guztia desagertu den”. Alderdiak esan moduan, “15 urte dira Mantulizen obrarik egiten ez dela, proiektu asko egon badira ere. Azkena Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi zuen 2018an, bertan etxe gehiegi eraiki nahi zirelako. Enpresa eraikitzaileek porrot egin zuten eta gaur egun entitate finantzarioak dira jabe nagusiak”.
Adierazitakoaren arabera, 2021ean salatu zuten Mantulizen zabor-isuriak agertzen hasi zirela, eta 2024an gaia eraman zuten Derioko Udalera. “Baina ez da aurrerapausorik egon. Hortaz, salaketa aurkeztu du Derioko EH Bilduk Mantulizeko jabeen kontra”. Salaketarekin batera argazkiak aurkeztu dituzte, “eta horietan ikusi daitekeenez, lurren barruan eta batez ere Islaben dagoen errepidearen hasieran, kontrolatu gabeko hainbat zabortegi daude”. Irune Palmouk, Derioko EH Bilduko bozeramaileak, adierazi duen moduan, “jabeen betebeharra da errepide horren ateta itxita mantentzea eta bere lurren barruan kontrolatu gabeko zabortegirik ez izatea”.