Kontatu digutenez, modu espontaneoan hasi ziren musean jokatzeko elkartzen. “Lagun batzuk hasi ginen, eta pixkanaka-pixkanaka tabernan egon ohi ziren beste batzuk ere animatu ziren jokatzera. Azkenean, 24 urtetik 65 urtera bitarteko muslariek osatutako taldea sortu dugu, eta gure artean oso giro polita dagoenez, erabaki dugu selekzioa egin eta olinpiadetan parte hartzea”. Estatu mailako txapelketa da, eta bertan oso maila altua topatzea espero dute, baina esan digute haiek ere muslari onak direla. “Dena dela, helburua da asteburu on bat pasatzea eta esperientzia gozatzea. Nolanahi ere, zerbait lortu ahal badugu, bada, ondo etorria!”. Txapelketarako prestatu dute euren burua, eta bikoteak osatu dituzte. Era berean, azkenaldian bikotekideek eguneroko partidetan elkarrekin jokatzen ahalegindu dira.
Aspaldian, ohikoa zen lagunak bazkaldu ostean tabernan batzea musean jokatzeko. Gaur egun, lagun gutxi ikusten dira eta gehienak edadekoak dira. Derioko muslarien taldeko gehienak, ordea, gazteak dira, eta horregatik are bitxiagoa da tabernan musean jokatzeko ohitura berreskuratu izana. “Nolanahi ere, inguruko txapelketetan parte hartzen dugu eta ikusten dugu gazteak musean jokatzen hasi direla: uste baino gazte gehiagok jokatzen dute”. Horri lotuta, aurreratu digute mus-elkartea osatzen pentsatzen dabiltzala, “gazteen artean musa bultzatzeko”.