Aitortu duten moduan, ez zuten espero olinpiadetan hain urrun ailegatzea. Hala ere, kontatu digute jokatutako partidetan ondo ikusi dutela euren burua eta bikotekideak oso ondo moldatu direla elkarrekin. “Egia esan, oso maila handia egon da. Batzuk munduko txapeldunak ziren, eta talde profesionalak ere egon dira. Agerian zegoen batzuek irabaztea zutela helburu. Gu, berriz, presio barik joan ginen Segoviara, ondo pasatzera, baina azkenean, hain jokalari onen artean, ikusi dugu gu ere onak garela eta maila dugula”.
Esperientzia bizitzea zuten asmoa, eta esperientzia ona bizi izan dute. Gainera, akuilua izan da eta datorren urtean ere olinpiadetan parte hartzeko asmoa dute. Bitartean, hurrengo hitzordua maiatzaren 3an dute Bilbon, bertako ostalaritza-establezimendu batean egingo den txapelketan.