Azaldu moduan, guneak ariketa fisikoa egiteko hainbat elementu ditu: abdominalen bankua, paralelo baxuak, goratzeak egiteko barrak eta uztaiak, batzuk aipatzearren. Gainera, gune osoak segurtasun-zoladura du, jarduera modu seguruan egiten dela bermatzeko. Helburua da “kirola gune irekietan egiteko aukera gehiago eskaintzea, ohitura osasungarriak sustatzea eta herritarrek adierazitako beharrei zuzenean erantzutea. Kalistenia gunean 18.053 euro ipini ditu udalak. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “horrela proiektuek erakusten dute herritarrek proposatzen eta erabakitzen dutenean Deriok urrats sendoz egiten duela aurrera, udalerri inklusibo, aktibo eta osasungarri baterantz. Derioztarrei euren konpromisoa eskertzen diegu, beren ideiek guztion egunerokotasuna hobetzen dutelako”.
Prentsa-oharrean adierazitakoaren arabera, azpiegitura berri hau gehitu behar zaio kiroldegiaren atzeko kalistenia eremuaren hobekuntzari. “Gune hori ere handituko da. Hala, parte hartzeko prozesuan gehien bozkatutako proposamena osatuko da: aire zabalean kirola egiteko baliabideak hobetzea. Instalazio berri honen bidez, Derioko Udalak berresten du herritarren parte-hartze aktiboarekin eta aisialdi osasungarria gozatzera gonbidatzen duten guneen garapenarekin duen konpromisoa”.