Derioko Udalak 20.000 euro bideratuko ditu gazteei alokairua ordaintzen laguntzera

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 8a, 13:01

Derioko Udalak prentsa-ohar batean azaldu duenez, etxebizitza eskuratzea herritarren kezka nagusietako bat da, batez ere gazteena. Horregatik, 20.000 euroko diru-partida zuzenduko du 18 urtetik 35 urtera bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. Dirulaguntzak diru-sarreren arabera esleituko dira, eta gehienez errentaren % 50 edo 300 euro izango dira hileko. Eskaerak irailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira.

Udalaren esanetan, aurreko edizioan baldintzak bete zituzten pertsona guztiek jaso zuten dirulaguntza, 2.250 eta 3.600 euro artekoa. Laguntza hauek, gainera, bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituenekin. Eskaerak online egin daitezke www.derio.eus webgunearen bidez, edo aurrez aurre, GERTUAN Herritarren Arretarako Zerbitzuan. Informazioa eta oinarriak hemen daude eskuragarri.

Azkenik, udalak gogora ekarri du lanean jarraitzen duela “Aldekoneko 88 babes sozialeko etxebizitza berrien eraikuntza errealitate bihur dadin. Etxebizitza horien esleipen-prozesua abiatzen denean, kanal ofizialen bidez zabalduko da informazioa”.