SUSTAIN-IT egitasmoaren helburua da Lanbide Heziketan tresna digitalak bultzatzea ingurumenaren analisia eta monitorizazioa egiteko. “Horretarako, irakasleak trebatuko dira eta, bereziki, Afrikako gazteak ahaldunduko dira, klima-aldaketari aurre egiteko gaitasuna indartuz”. Proiektuan Europako eta Afrikako zazpi bazkidek hartzen dute parte, Garapen Jasangarriaren Helburuekin konprometituta daudenak: Politeknika Txorierri eta Asociación Mundus (Espainia), Apro Formazione (Italia), Don Bosco Provincialat (Ruanda), Harare Institute of Public Health eta Simukai Vocational Skills Training Hub (Zimbabue), eta Apodissi (Namibia).
“Proiektua hasteko, Ruandara joan gara eta bertan zuzeneko harremana izan dugu gure bazkide afrikarrekin. Era berean, bertako Lanbide Heziketako zentroen errealitatea ezagutu dugu eta kolaborazio emankorra izateko oinarriak finkatzen hasi gara”, azaldu dute. Horrela, lehenengo fase honetan, txosten konparatibo bat garatzen dabiltza, beharrizanak antzemateko eta heziketa pedagogikoaren edukiak diseinatzeko abiapuntua izango dena. “Heziketa hori hiru oinarri ditu: Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza, Gizarte Ekintzailetza eta Irakaskuntza Metodologia Inklusiboak. Gainera, Lanbide Heziketako irakasleentzako MOOC ireki bat ere egingo da, eta bertan gaitasun digital nagusiak jorratuko dira, hala nola IoT sentsoreen erabilera, Arduino, datuen analisia, eguzki-energiaren bisualizazioa eta monitorizazioa eta airearen eta uraren kalitatea. Prestakuntza amaituta, ziurtagiri digitalak banatuko dira eta aurrez aurreko saioak egingo dira Espainian, Italian eta Zimbabuen. Bestalde, aurreikusi da benetako kasu praktikoak garatuko direla eta Smart Step onlineko ikaste-plataforma abian jartzea. Plataformak baliabide didaktikoak, aholkularitza-saioak, foroak eta lana eskainiko ditu doan, eta Afrikako zein mundu osoko Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzat egongo da eskuragarri.
“Potiteknika Txorierrik berresten du kalitatekoa, berritzailea, digitala eta jasangarria den Lanbide Heziketarekin. Pozik gaude, esperientzia eraldatzaile honen parte garelako, eta baikorrak gara etorkizunari begira. Gure ustez, kontinente arteko lankidetza funtsezkoa da belaunaldi berriak jasangarritasunaren, gizarte-ekintzailetzaren eta inklusioaren balioetan hezteko”.