Aitziber Raya ilustratzaile derioztarrak Etxepare saria jaso du Gotzone Butronekin egindako Orkestra zooragarria album ilustratuagatik. 5 mila euro jasoko dituzte egileek eta udazkenean Pamiela argitaletxeak bere lana argitaratuko du.
Sariak euskarazko literatur lanen produkzioa sustatu nahi du eta 2004tik 16 album saritu eta argitaratu dira haren bidez. Ekainaren 30ean eman zieten saria Iruñeko Udalak, Nafarroa Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta beste 13 udalerrik Kondestablearen jauregian egin zen ekitaldian.
Aurten, 29 lan aurkeztu dituzte orotara. Patxi Zubizarreta idazleak, Aitziber Akerreta irudigileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia. Azpimarratu dute gaur egun sormen-indar handia sumatzen dela sektorean, eta saritutako lana kalitate artistiko eta literario handikoa dela.
Orkestra zooragarria lana Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak eskuz esku antolatzen duten Biko-Teka lantegian abiatu zen. Bere xedea da idazle eta ilustratzaile hasiberriak bikoteka lanean jartzea, eta elkarlan horretatik album ilustratu baten proiektua sortzea. Hain zuzen ere, azken urteetan bertan abiatutako zazpi proiektuk eskuratu dute Etxepare saria.