Berriki digitalizatu diren Hearst Metrotone News albiste agen-tzia estatu batuarraren irudien artean Txorierriko beste hainbat eszena identifikatu ahal izan ditugu. Hiru metraje desberdinetan Derioko bi lokalizazio agertzen dira.
Batetik, seminarioa bezala ezagutzen dugun eraikuntza ikus dezakegu. Ospitale psikiatrikoa behar zuen 1931n eraiki- tzen hasitako mole erraldoi hura. 1936ko gerrak geldiarazi zuen proiektua hormigoizko hezurdura soilik altxatuta zuela. Eusko Jaurlaritzak bertako sotoan fabrika arma jarria zuen martxan eta maiatzaren 19an nazionalek eraikina bonbardatu zuten, kalte gutxi eraginez. Grabazioan bi kotxe sutan ikus ditzakegu eraikinaren atzealdean eta suhiltzaile kamoi ikusgarri bat ziztu bizian urreratzen. Hala ere, kamarografoak irudiak maiatzaren 13an grabatuak izan zirela utzi zuen idatzia.
Ekainaren 13koak omen dira beste irudiak. Egun bat leheneago Nazionalek Gaztelumendin burdin-hesia apurtu eta erraz hartu zuten Txorierri. Frontea ekialdetik mendebaldera mugitzen zen bitartean herritar askok kontrako noranzkoa hartu zuten, lehen lerroko arriskuetatik ihesi. Irudietan ikus daiteke gaur Txorierri etorbidea (BI-737) bezala ezagutzen dugun bidea, zuhaitz lerroek lagunduta. Derioko udaletxe berriak errazten digu kokalekua identifikatzen. Jende andana doa Zamudiora bidean, batzuk oinez, asko kamioietan. Ez dira gutxi militar nazionalak agur faxistarekin hartzen dituztenak, eskua altxatuz.
Hearst Metrotone News albiste agen-tziak Metro-Goldwyn Mayerren zinema aretoetan proiektatzen zituen ikus-en-tzunezko informatiboak. Goikoelexaldeko irudiak ez omen ziren zinematan ikusi, baina Derion grabatutakoak ekainaren 28an sortutako “Bilboko harrapaketaren lehen irudiak” albistegian ageri dira. Estatu Batuetako milioika pertsonek ikusi zuten Txorierri etorbidea jendez lepo, gerratik ihesi.