Poztasun handiz hartzen du Lainomendi dantza-talde derioztarrak 35. urteurrena. 2020an 30. urteurrena bertan behera utzi ondoren, urteurren hau ospatzeko momentu egokia dela uste dute, taldearen “indarra” ikusita. Dantza-taldearen batzordeko kide diren Txaro Martin eta Ixone Zubieta beti ibili dira taldeari lotuta. Martin monitore hasi zen, gero zuzendaritzan eta orain taldeko monitore eta diruzaina da. Zubieta, berriz, dantzari moduan hasi zen 11 urterekin, eta orain monitore eta lehendakaria da.
Ostiraletan dituzte entseguak Kultur Birikan, eta egun horietan “oso ondo” egiten dutela lo diote, barre artean. Urte guzti hauen ondoren, eboluzioa eta taldearekiko atxikimendua nabarmentzen dute: “Hau espiral moduko bat da, espiralak momentu batean gora egiten du eta bat-batean jaitsiera bat. Hala ere, beti lortu dugu inplikazioa talde zein dantzariengandik berriro indarra hartu eta gauza berriak ateratzeko”, dio Zubietak.
Sorrera bitxia
Lainomendi dantza taldea 1990ean sortu zen. Aurretik beste bi dantza talde izan ziren Derion: Sorkalde eta Zutik, baina desegin egin ziren. Garai hartan ez zegoen dantza talderik Derion, eta Martinek dio pasadizo “bitxi” baten ondorioz sortu zela: “Nire senarrak atarian iragarki bat ikusi zuen, eta iragarkiak zioen sevillanak irakasten zirela Derion. Etxera iri-tsi zen, harrituta, eta esan zidan ea nola zen posible sevillanak irakastea Derion eta ez egotea euskal dantza-talderik. Eta ni Zutiken ibilitakoa nintzenez, horrela hasi zen”. Zubietak dio garai hartan ez zegoela inolako aisialdi eskaintzarik euskaraz Derion eta hori gainditzeko, lau kidek Lainomendi taldea sortu zuten. Kide hauek Jose Angel Mentxaka, Josune Aurrekoetxea, Xabi Goienetxe eta Juan Luis Goikoetxea izan ziren.
Hasieran Lainomendi taldeak eskaintza zabalagoa zeukan euskarazko ekintzak eskaintzeko helburuarekin: dantza taldea, txistu eta pandero taldea, umeentzako euskal folklorearen inguruko tailerrak, etab. 2003an, Derioko Tximintx euskara elkartea sortu zen, eta horrek hausnarketa eragin zuen Lainomendi taldean: “Ez zuen zentzu handirik bi euskara elkarte egotea herrian, eta Derion aisialdia euskaraz bazegoenez… Gu dantza-talde bezala lotu ginen”, dio Zubietak. Aldaketa honek estatutuen moldaketa bat eragin zuen eta gaur egun ezagutzen dugun Lainomendi dantza-taldea dago ordutik indarrean.
Inflexio-puntua
Gainerako herritarren bizitzan bezala, Lainomendin ere pandemiak eragina izan zuen. Kontuan hartuta dantzetan kontaktua egotea ohikoa dela, dantza-taldea egoera berri hartara egokitu behar izan zuen: “Entseguak kalean egiten genituen, talde txikietan, musukoekin, nahiko deserosoa zena, ze musukoarekin arnasa hartzea dantzatu bitartean zaila zen. Baina bagenekien horrela izan behar zela eta hala egin genuen”, dio Zubietak.
Honez gain, ume kopuruan ere izan zuen eragina pandemiak: “Ez genituen ume txikiak elkartu, eta honen ondoren, ez badituzu 4 urteko umeak hartzen, hurrengo urtean berrapuntatzea edo errutina hori hartzea zaila izaten da. Hor eduki genuen jaitsiera bat dantzari kopuruan”, dio Zubietak. Hala ere, erritmoa berrartzea lortu dute. Orduan hartu zuen Zubietak mutilen ardura taldean: “Mutilen irakaslea ordura arte kanpotik ekartzen genuen, baina pandemia egoeran ez genekien burbuila den, ez den, konfinatu, ez… Beraz nik hartu nuen ardura. Mutil dantzei buruz askorik ez nekien arren, dantzaz eta erritmoez bai eta gainera bideotatik gauza asko ikasten dira”, dio barre artean.
Asteburu berezia urteurrena ospatzeko
35. urteurren hau ospatzeko, taldeak asteburu berezi bat prestatu du, urriaren 24an eta 25ean izango dena. Martin eta Zubietaz gain, zuzendaritza batzordekoak ere badiren Olatz Santiago eta Ane Ormaetxea, gurasoak, dantzari ohiak eta gaur eguneko dantzariak, buru belarri ibili dira urteurrenetako ekintza guztiak prestatzen.
Urriaren 24an, ostiralez, Derioko frontoian dantza-taldearen ikuskizun berezia izango da, arratsaldeko 19:00etan. Bertan 200 dantzari inguruk hartuko dute parte, non dantzariez gain, dantzari ohiak, gurasoak… egongo diren. Larunbata, urriaren 25a, berriz, Martinek dioen moduan, “gozatzeko egun” bat izango da, Derioko herritar guztientzat zuzendua. Goizean umeentzako tailerrak izango dira. Honen ondoren, dantza trikipoteoa izango da, eta herri bazkaria Derioko kantxetan. Arratsaldean, Luhartzek erromeria eskainiko du, eta taloak ere dastatu ahal izango dira. Gauean, DJ-a egongo da, nahi duenak dantza dezan. Lainomendik “derioztar orori” zein “edozein txorierritarri” luzatzen die gonbidapena ospakizun honetan haiekin parte har dezaten. “35 urte hauetan egin duguna ikusita, esango nuke beste 35 ere bete ditzazkegula”, dio Martinek. Hala izan bedi.