Derioko hilerrian kolunbario berri bat eraikitzea aurreikusi da

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Pasa den urriaren 21ean, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak 2026rako aurrekontua eta jarduera-plana onartu zituen. Hau onartzeko bileran hartu zuten parte Imanol Pradales lehendakaria, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua eta Alberto Alonso Gogorako zuzendaria. Bilera honetan 2026ko aurrekontua onartu zen, 5.283.000 eurokoa izango dena.

Onartutako jarduera-planean, beste ekintza askoren artean, Txorierriri eragiten dion erabaki bat hartu zen. Izan ere, plan honetan onartu zen Derioko hilerrian kolunbario berri bat eraikitzea, gorpuzkiak modu duinean gordetzeko leku gisa. Honen bidez Derioko kolunbarioa Euskadiko hirugarrena izango litzateke, Elgoibar eta Urduñakoarekin batera. Horietan, Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan hildakoen gorpuzkiak gordetzen dira, identifikatu ezinik daudenak edo identifikatu diren arren familiek bertan ehorztea erabaki dutenak.