Armonia mugimenduan

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 11

Aitor de la Torre Uria · Taekwondista
Sei urtetatik darama Aitor de la Torrek (Derio, 2010) taekwondoa praktikatzen. Bederatzi urte hauetan, bost aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa bere kategorian, eta estatu mailako open-etan parte hartu izan du. Nahiz eta eskolaz kanpoko ariketa bezala hartu, epe luzean Europa mailako txapelketaren batean parte hartu nahi du, eta taekwondoa irakatsi Doyan-en, entrenatzen duen gimnasioan.

Nola iritsi zinen taekwondoa praktikatzera?
LH-ko lehenengo mailan, jende askok praktikatzen zuen, eta nik apuntatu nahi nuen. Julenerekin (lagun bat) apuntatu nintzen, probatzeko. Gustatu zitzaidan eta horretan jarraitzen dut.

Eragina edukiko du ere Doyan herrian egoteak, imajinatzen dut.
Bai, beste herri batean izango balitz, amak ezetz esango zidan (barre). Eramatea eta hori oso nahaspila handia zen, eta herrian egotean, bakarrik joan naiteke.

Zer sentitzen duzu kirol hau praktikatzerakoan?
Energia. Urduritasuna eta halakoak kentzen dizkit, lasaitasuna ematen dit.

Txapelketetan parte hartzen duzu?
Bai, duela pare bat aste Iruñean egon nintzen, ez zen Espainiako txapelketa baina Espainia mailakoa zen, open moduko bat.

Taekwondoa praktikatzen duzu baina barruan hainbat modalitate daude.
Bai, hiru edo lau daude. Borroka, poomsae, freestyle eta erakustaldiak. Hemen (Doyan-en) erakustaldi eta freestyle modalitateak momentuz ez dira egiten, baina agian freestyle egiten hasiko dira laster. Borroka izenak dioena da, eta gero poomsae da nik egiten dudana. Hemen koreografia batzuk daude prestatuta, 17 dira guztira, eta gero txapelketetan horiek egiten dituzu. Bakarkako koreografia bat da.

Nolakoa da zuretzat txapelketetan parte hartzea?
Asko gustatzen zait, oso giro ona sortzen da lagun zein entrenatzaileekin. Iruñean, Alacanten, Pontevedran, Ciudad Realen, Bartzelonan… Hurrengoa Avilésen izango da. Ez dut ezberdintzen zein den txapelketa normala eta zein open, egia esan. Txapelketa ofiziala nik dakidala Euskadiko Txapelketa da, Bilbon egiten dena. Eta adibidez Avilésekoa normalean selekzioak joaten dira eta “open” bat da, eta bestalde Espainiako Txapelketa ofiziala izaten da. Bi mota egon ohi dira: klubekoak eta autonomietakoak. Autonomiakoetara selekzioak eramaten gaitu. Parte hartzea erlatiboa da, egia esan. Euskadin ez dago hainbeste, eta hemendik kanpo 20 bat egon ohi gara. Adibidez, borroka modalitatean jende mordoa dago, baina poomsaen ez hainbeste.

Zer egiten duzu borroka batera sartu aurretik kontzentratuta sartzeko?
Hona (Doyan) etortzen naiz, printzipioz, astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan. Batzuetan etortzen naiz astelehenetan eta asteazkenetan ahal dudanean, momentuz ez. Gero sartu baino lehen ez dut nahi urduritasuna sentitzen hastea, batzuetan gertatzen da, baina euforia puntu hori ere badago. Urduritasun ona izan ohi da.

Zertan datza poomsae-a?
Teknika batzuk dira, defentsa eta erasokoak. Ostikoak eta halakoak ere badaude honez gain. Adibidez, 17 daude, eta defentsa-eraso batekin hasten da, defentsa-eraso, eta konbinazioak egiten hasten zara, eta tartean oihuak eta bestelakoak tartekatzen doaz. Iraupena koreografiaren araberakoa da, 1etik 5era 40 segundo inguru irauten dute, eta adibidez batek minutu eta 40 segundo irauten du. Batez beste minutu bat, minutu eta hamar segundo inguru irauten dute. Gauza da hemen ez dagoela borroketan moduan bata bestearen aurka eta garaile bat, baizik eta bi poomsae burutzen dira, eta horiek puntuatu. Amaieran puntuazioaren araberako sailkapena, betiere parte-hartzaile kopuruaren arabera. Zortzi baino gehiago bagara sailkapenean sartu aurreko proba bat dago. Demagun, 21 bagara, 16 sailkatzen dira, eta gero 16tik 8. Orain araudia berria dago 8 daudenean, eta bertan lehena sailkatu dena zortzigarrenarekin batera irtetzen da, poomsae bera burutzen dute, eta epaileak garailea erabakitzen du. Eta gero horrela bigarren eta zazpigarrenaren artean eta abar. Hurrengo errondan 1-8 eta 2-7 dueluen irabazleak aritzen dira, normalean lehena eta bigarrena, eta horrela finalera arte.

Zuk zein nahiago duzu, norbaiten aurka ala zu bakarrik?
Egoeraren arabera. Niri gehiago gustatu zaizkit dueluak, saltsa gehiago dagoelako nolabait esatearren.

Kirol hau praktikatzeak egunerokotasunean laguntzen dizu?
Egunerokotasunean ez dut gehiegi aplikatzen hemen egindakoa, baina malgutasuna, indarra eta erresistentzia lantzen ditut honi esker. Minutu bateko zerbait da baina potentea aldi berean.

Etorkizunera begira zer plan?
Taekwondo klaseak ematea. Lehiaketari dagokionez, gustatuko litzaidake Espainiako Txapelketa irabaztea eta Europa mailako txapelketara joatea, baina oso zaila da eta epe luzera ikusten dut. Orain arte Espainiako Txapelketara ezin izan naiz joan infantila nintzelako, orain junior kategorian joan ahal izan naiz Valladolid eta Alacantera, baina maila oso altua dago, batez ere katalan eta galiziarren partetik. Hau gertatzen da batez ere gehiago entrenatzen dutelako eta txikitatik horretan hasten direlako. Ni L.H. lehen mailan hasi nintzen praktikatzen, baina haiek estatu mailan lehenago hasten dira lehiaketetan eta halakoetan. Gero badago adibidez ni baino urtebete txikiago duen bat gutxienez 3 urte daramatzala Errendimendu Handiko Zentro batean Madrilen. Nik eskolaz kanpoko ariketa bezala hartzen dut.

laburrean

1. Erreferente nagusia kirolean?
Jose Antonio Moreno, taekwondoko irakasle ohia

2. Definitu Taekwondo Poomsae hitz batean
Dedikazioa

3. Etorkizunerako erronka bat
Doyan-en irakasle izatea eta Espainia eta Europa mailan lehiatzea