Nomada Jaialdia ez da jaialdi bat soilik: prozesu kolektiboa da, hainbat hilabetez ehuntzen joan dena, tokiko artista eta kultura-eragileekin (Arriera Escena, Aritz Albaizar, Kukubiltxo, Hibernando Estudio, Audiogela edo Trakamatraka, besteak beste) egindako tailer, topaketa eta elkar-sorkuntzako proiektuen bidez. Elkarlan honi esker, Derio kreatibitate laborategi bizi batean bilakatu da, non kultura inklusiorako, partaidetzarako eta elkarren artean zaintzeko tresna bezala ulertzen den.
Edizio berri honetan, jaialdiak askotariko pertsonak elkartuko ditu: Emaúsen programa sozialetako parte-hartzaileak, APNABI Autismo Bizkaiako pertsonak, Lantegi Batuak, EDE Fundazioari lotutako etorkinak, Nagusien Etxeko adineko emakumeak, Txorierri Institutuko Batxilergoko ikasleak, Derioko Herri Ikastetxeko ume eta senideak, herri-irratiak, herriko kirol elkarteak, etab. Denek partekatuko dute protagonismoa ezberdintasunen aberastasuna eta elkarlanaren indarra goraipatzen duen programan.
Astebetez, Derio mundua beste ikuspuntu batekin begiratzera gonbidatzen duten proposamen artistiko eta kulturalez beteko da. Collage, podcast, zinema, antzerki, muralizazio edo txotxongiloak gure istorioak kontatzeko, gure kezkak partekatzeko eta bizikidetzarako modu berriak elkarrekin marrazteko aukera emango diguten adierazpideetako ba-tzuk baino ez dira izango. Kultura, elkartasunetik jaiotzen denean, komunitate inklusiboago, solidarioago eta aniztasun handiagokoak eraikitzeko tresna indar- tsu batean bilakatzen delako.
Gainera, aurten Nómada Jaialdia lankidetza oso berezi bati esker indartzen da: Bilboko Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiarena, 44. edizioa ospatzen duena. Elkartasun honi esker, Deriok antzerki eskaintza paregabe batez gozatu ahalko du, Euskal Herria, Katalunia, Italia edota Greziako konpainia ezagunek eskainitako ikuskizunekin. Txotxongiloen magiarekin txundituta geratzeko eta arteaz bere forma hurbil eta poetikoenean gozatzeko aukera paregabea.
Nomada Jaialdia parte hartzeko gonbidapen irekia da, eta bertan jakin-minak eta handiagoa den zerbaiten parte izateak bultzatzen du parte-hartzailea. Egun hauetan zehar, sormena belaunaldi, kultura eta mundua ulertzeko moduen arteko zubi batean bihurtuko da. Ariketa, keinu eta partekatutako istorio bakoitza komunitateak komunitatearentzat egindako jaialdi hau osatzen duen mosaikoaren pieza txiki bat izango da.
Azaroaren 16tik 23ra, Derio kultura bizi, partekatu eta eraldatzen duen leku batean bilakatuko da. Ez ezazu galdu!