Beldur Barik topaketa barikuan Derion

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 25a

Gaur ospatuko den A25a dela eta, barikuan, azaroaren 28an, Txorierriko Beldur Barik topaketa ospatuko da Derioko Kultur Birikan. Ekitaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da, egingo den harrerarekin. 

Ondoren, hiru tailer antolatuko dira: antzerki tailerra, maskulinitate berrien tailerra, eta ahalduntze tailerra. 17:30etan, SÜNEk kontzertua eskainiko du. 18:00etan, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa ospatuko da, eta bukatzeko, luntxa egingo da 19:00etan. Bertaratzeko, izena eman beharko da.

Lehiaketa arrakastatsua
Topaketan burutuko den sari banaketaren harira, topaketaren aurkezpenean lehiaketako datuak plazaratu ziren. Bertan izan ziren Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, hiru foru aldundietako Berdintasun zuzendariak, eta Txorierriko alkateak. Bertan, Elgarrestak helburuak azaldu zituen: “Neskak ahalduntzen laguntzea, mutilak berdintasunarekin inplikatzea eta elkarrekin gizarte berdinzaleagoa eraikitzea”.

Beldur Barik bideo-lehiaketara 311 lan aurkeztu direla iragarri zuten, eta horietan 12 eta 20 urteko 1.740 gaztek hartu dute parte. Horietatik %61a neskak ziren, %37 mutilak, eta %1a beste identitate batzuekin identifikatzen direnak. Lan gehien jaso dituen kategoria 12 eta 16 urte artekoa izan da, eta proposamen gehien aurkeztu dituen lurraldea Bizkaia izan da, ondoren Gipuzkoa eta azkenik Araba. Lanen gai nagusia izan dira, besteak beste, sexismoa, estereotipoak eta kontrola, eta proposatutako jarrerak erantzun kolektiboa, ahalduntzea eta laguntza-eskaera.

Honen inguruan EUDELeko presidente eta Derioko alkate Esther Apraizek parte-hartzaileak zoriondu zituen, “gazteak aldaketaren buru izateko prest ez ezik, aldaketa bultzatzen ari direla erakusten duelako. Sorkuntza, jarrera eta tokiko ekimen bakoitzak balio partekatuen sare bat indartzen du: berdintasuna, errespetua eta ausardia. Erakunde gisa, energia eraldatzaile horri entzuteko, laguntzeko eta lekua emateko ardura dugu, sare sozialen erabilera positiboa eta arduratsua sustatuz”.