Datu “esanguratsua” dela diote, izapidetze digitalak Gertuan zerbitzuan aurrez aurreko arreta gainditu baitu, 3.626 bisita zenbatuz. Diotenez, herritarrek “gero eta gehiago” baloratzen dituzte sistemaren abantailak: 24/7 erabilgarritasuna, itxaronaldiak murriztea, izapideen jarraipena denbora errealean egitea eta papera gutxiago erabiltzea. Hasierako helburua argi zuten: “Udal zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetuz, aurrez aurreko arretari uko egin gabe, zerbitzu inklusiboa bermatzeko”.
Funtzionamenduaren lehen urtearen ondoren, balorazioa “oso positiboa” dela diote, “digitalizazioak udal modernizazioa eta gardentasuna indartzen jarraitzen du”. Alde horretatik, Esther Apraiz Derioko alkateak azpimarratu du administrazio elektronikoa “herritarren egunerokoa errazteko tresna” izan behar dela: “Digitalizazioari esker tramiteak azkarrago eta erosoago egin daitezke, baina aldi berean arreta pertsonalizatua mantentzen jarraitzen dugu, inor atzean gera ez dadin.”
Plataforma digital honen bidez, herritarrek gero eta izapide gehiago egin ditzakete udaletxera hurbildu behar izan gabe. Ohiko izapideen artean, udal-erroldarekin lotutako kudeaketak, diruzaintzako gaiak – hala nola ordainketak helbideratzea, hobari-eskaerak (ibilgailuak, OHZ, etab.) edo ordainketen zatikapenak – eta hirigintza-arloari lotutako izapideak nabarmentzen dira.