300 pertsonako idatzia, kiroldegiko gimnasioaren inguruan

Mikel Reina Barros 2026ko apirilaren 8a

Derioko Udalak 300 pertsona inguruk sinatutako idatzi bat jaso du kiroldegiko gimnasioaren inguruan. Bertan, makinak eta lurzorua mantentzeari buruzko gaiak azaltzen dira. 

Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei “inplikazioagatik”, ekarpenek “zerbitzua etengabe hobetzen laguntzen baitute”. Gaineratu dute Aitor Aurrekoetxea kirol zinegotziak dagoeneko “bilera emankorra” egin duela sinatzaileen ordezkariekin. Bertan, iritziak partekatu eta planteatutako gaiei zuzenean heldu dietela adierazi dute. 

“Gaur egun, kardio-aretoko makinak renting erregimenean daude, eta horrek mantentze integrala eta konponketak arintzen ditu. Helburua da eredu hori pixkanaka gainerako makinetara zabaltzea, erantzun-denborak murrizteko eta mantentze lanak indartzeko”.

Neguan irristakorra den lurzoruari dagokionez, esan dute arazoa kondentsazioarekin lotuta dagoela. “Ingurumen erregulazioko sistemak behar bezala funtziona dezan lan egiten ari gara, egoera hori minimizatzeko”. Jarduera horiek kiroldegia handitzeko proiektuaren parte direla jakinarazi dute, eta hiru fasetan garatuko da: espazioak hobetzea eta berrantolatzea, ekipamenduak modernizatzea eta lizitazio berriak egitea zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna indartzeko.