Kostatzen zaigu Derio mapan kokatzea

Aner Mentxaka Alvarez 2026ko apirilaren 14a

Abenduan jarri zuen martxan Codesyntax informatika enpresa eibartarrak Tagzania mugikorrerako jolasa. Aplikazioak Euskal Herriko bazter bateko 4-5 argazki erakusten dizkizu, eta ahalik eta azkarren mapan kokatu behar duzu lekua. Ondoren, berdina egin behar duzu munduko beste txoko batekin.

Egunero 10.000 erabiltzailetik gora ditu Tagzania jolasak, eta milioi bat partida jokatu dira jada. Codesyntaxek marka aprobetxatu du estatistikak aurkezteko: jokalariek Puppy eskultura, Guggenheim museoa eta Ipurua futbol-zelaia kokatzen dituzte ondoen. Aldiz, zailenak egiten zaizkie Karrantzan dagoen Ahedoko eliza, Trapagarango eliza eta hirugarren postuan, Derio herria. Ez dituzte argazkiak erakutsi, baina diotenez, Derioren kasuan, “uste dugu eraikinen arkitekturak despistatzen duela”.

Jolasa doakoa, euskalduna eta Euskal Herriko eta munduko bazterrak ezagutzen lagunduko dizu. Hemen instalatu dezakezu.