EMAUS

Errutinatik haratago, arnasgune bat Arantzazun

Jone Goitisolo Uriarte · Komunitatearen eraldaketarako teknikaria 2026ko ekainaren 11

Beste urte batez, Emaus Gizarte Fundazioko parte-hartzaileak Arantzazun izan dira joandako hilabetean, hiru eguneko egonaldia eginez bertan. Egun haietan, parte-hartzaileek naturarekin konektatzeko aukera izan zuten, ibilaldiak eginez, Gomiztegiko Artzain Eskola eta Legazpi eta Oñati bisitatuz, talde dinamiketan parte hartuz eta elkarbizitzarako une lasaiak partekatuz.

Aipaturiko ekintza edo jarduerak ez ziren aisialdirako proposamen hutsak izan, bakoitzak bere erritmoa berreskuratzeko, tentsioak askatzeko eta zenbaiten begietara ikusezinak diren eguneroko borrokak atzean uzteko aukerak baizik. Izan ere, Arantzazuko inguruneak, bere isiltasun eta edertasunarekin, barne hausnarketarako eta lasaitasunerako baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu.

Mota honetako esperientziek argi uzten digute esku-hartze soziala ez dela soilik baliabideak kudeatzera eta laguntza tekniko edo administratiboa ematera mugatu behar. Ongizatea, pertsonak beren osotasunean erdigunean jartzen dituen ikuspegi integral batetik ulertuta, ez da soilik oinarrizko beharrak asetuta izatea; ongizatea, arnasa hartzeko aukera izatea da, errutinatik aldentzea, eta norbere burua beste modu batean kokatzeko espazioak habitatu ahal izatea. Arantzazuko egonaldia horren adibide garbia da.

Bazterkeria egoeran dauden pertsonei eguneroko errutinak askotan zama handia dakarkie: administrazio prozedurak, etxebizitza edo lanaren inguruko ziurgabetasunak, osasun mentalaren aurkako borroka, sare sozial eza edo murriztua, estigmaren pisua... Eta askotan bakardade sentimenduak edo estres emozionalak markatzen die egunerokoa. Gauzak horrela, errutinatik ateratzea ez da kapritxo bat; behar bat baizik. Gizarteko edozein norbanakok bezala, atseden hartzeko eta gozamenerako eskubidea dute, eta eskubide hori praktikan jartzea esku-hartze sozialaren parte ere bada.

Mintzagai dugun egonaldian zehar, Emauseko partaideek gizarteak ezarritako hainbat eta hainbat etiketa horietatik aldentzeko aukera izan dute, beren burua beste leku batetik bizitzeko: komunitateko kide gisa, taldeko parte gisa, eta batez ere, pertsona gisa. Eta etiketa edo rol hori albo batera utzi ahal izatea oso garrantzitsua da. Hori baino gehiago baita edozein zerbitzutako partaide den norbanako bakoitza. Horrelako parentesiek autoestimua indartzen dute, harremanak sendotzen dituzte eta norberaren ahalduntzea sustatzen dute. Askotan, esku-hartze planek ez dute kontuan hartzen dimentsio emozional eta sozial hori, baina ezin daiteke ukatu ezinbestekoa dela.

Azken batean, mota honetako esperientziek aditzera ematen dutena da, ongizatea ez dela soilik baliabideak izatearekin asebetetzen, bizitzari hura bizitzeko tartea emanez baizik. Eta tarte horiek sortzea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzat bereziki, gizarte bidezkoago, humanoago eta bizigarriago baten aldeko apustua egitea da.