Erromara arte bizikletan, eta kuadernoarekin

Mikel Reina Barros · Aner Mentxaka Alvarez 2026ko uztailaren 3a

(Aner Mentxaka Alvarez)

Angel Serrano Martinez
Angel Serrano askok eta askok Txorierriko Institutuagatik ezagutuko dute. Guraso Elkartean egon da lanean urte luzetan, besteak beste, bertan ikas materiala banatzen. Nor ote ez da pasatu elkarteko egoitzatik institutuko garaietan. Milaka istorio ditu horren ingurukoak, baina baita ere beste bat orain arte ezezagunagoa: 1960an Erromara bizikletan joan zenekoa.

Leintz Gantzagako Dorletako Santutegitik abiatu eta Vatikanoraino bizikletaz joan ziren Angel Serrano, Jose Luis bere anaia eta Jose Luis Saenz gasteiztarra. Baina zergatik? Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko. “Bilboko klubarekin zikloturismoa egiten genuen. Baionakoekin eta Labastide-d'Armagnaceko jendearekin harremana genuen eta bertako ibilbideetan parte hartzen genuen. Ziria sartu nahi izan ziguten esanez Frantzian eta Italian, adibidez, beraien zaindaria zutela. Gainera, Bartzelonan bazegoen zurrumurrua Montserrat Espainiako txirrindularien zaindari izendatu nahi zutela. Beraz, geuk gurea ere izan nahi genuen”. Baina zergatik Leintz Gantzagan? “Bertan ia topo egiten dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak”.

Horregatik osatu zuten Vatikanora arteko 2.948 kilometroak. “Eromena”. Hain zuzen ere, hainbeste urtetan banatu dituen kuaderno horietako batean gauero idazten zituen Serranok abenturaren nondik norakoak: kilometroak, gastuak eta egunkariak. Oraindik denak dauka behar bezala banatuta eta antolatuta. 12.600 peseta gastatu zituzten bidaian, baina diru laguntzen bidez 10.500 peseta jaso zituzten. Horrez gain, orduko Kas taldeak mailotak eta txandalak utzi zizkien bidaiarako. “Pena handiz bueltatu behar izan genituen, oso politak ziren”.

Are eta bereziago izan zen Serranorentzat bidea anaiarekin batera egitea. “Zorionez etorri zen, bera zen frantsesa zekien bakarra eta italiarra ere apur bat mendetatze zuen”. Abentura hutsa. Horrela laburbiltzen du Serranok bidaia. “Argi geneukan bakarra zen uztailaren 27an atera behar ginela eta abuztuaren 16rako itzuli”. Irten eta berehala, Pirinioetan sekulako ekaitzak harrapatu zituen. Pixkanaka Mediterraneorantz joan ziren eta Kosta Urdin osoa zeharkatu zuten, Niza eta Monaco igarota, Erromaraino.

Serrano anaiak eta Saenz, San Juan XXIII. Aita Santuarekin

Baina helburu nagusia San Juan XXIII. Aita Santuarekin elkartzea zen. Baita lortu ere. Baina ez Vatikanon, Castel Gandolfon, Erromatik beste 25 kilometrotara. Bertan egiten baitute oporraldia Aita Santuek. Harrera pribatu bat jaso zuten. Sartzeko, ordea, komeriak izan zituzten. “Ateko zaintzaileek esan ziguten korbatarekin sartzea derrigorrezkoa zela, guk ez geneukan, beraz, merkatuko postu batera joan behar izan ginen korbata ziztrin bat erostera”.

Hunkigarria. Horrela gogoratzen du harrera. San Juan XXIII. Aita Santuarekin hasiera batean gazteleraz hitz egin zuten: Bilboko Begoñako Basilikan lo egindakoa zen eta txirrindularitzaren jarraitzailea zen, Gino Bartalirena batez ere. “Bidaia ahaztezina izan zen, gogorra, baina bideaz gozatu genuen”.

Omenaldia
66 urteren ostean, ekainaren 13an, omenaldia jaso zuten Leintz Gantzagako Dorletako Santutegian. Angel Serranoren 91. urtebetetze egunean. “Egun borobila izan zen”. Pentsa, bidaiatik ez zutela Serrano anaiek Jose Luis Saenz gasteiztarra ikusten. “Ilusio ikaragarria izan nuen omenaldiaren berri izan nuenean, ez nuen espero hainbeste denboraren ostean horrelako aitortzarik jasoko nuenik”. Dorletako Ama Elkarteko ordezkariak, Leintza Gantzagako alkatea eta senideak elkartu ziren.

Dorletako Santuategian egindako omenaldian

“Ezin dut hitzekin azaldu sentitutakoa, jende asko zegoen eta ederra izan zen benetan”. Aurreskua egin zieten Dorletako Santutegiko harreran, ekitaldia barrualdean, oroigarriak jaso zituzten, eta gero, familia argazkia atera zuten kanpoaldean.

Hain zuzen ere, askok eta askok ez zuten Serranoren istorio honen berri. “Prentsan agertu garenez, bizilagun asko etorri zaizkit zorionak ematen eta esaten ez zutela ezagutzen nire txirrindulari alde hori”.