Izendapen horren bidez, alderdi jeltzaleak udal kudeaketan eskarmentua, prestakuntza sendoa eta herriarekiko zein herritarrekiko konpromiso irmoa uztartzen dituen hautagaitzaren alde egin du. Esperientziari esker, herriaren “errealitatea eta herritarren beharrak gertutik” ezagutzeko aukera izan duela diote.
Aiarzak ardura berria "ilusioz, arduraz eta zerbitzurako bokazio handiz" hartzen duela adierazi du. “Elkarrizketan eta kudeaketa onean oinarritutako konpromisoarekin helduko diot, herritarrekin batera Derio moderno, jasangarri, euskaldun eta guztientzako aukerez betetako herria eraikitzen jarraitzeko. Etorkizuneko proiektu garrantzitsuak ditugu martxan, eta nire konpromisoa da orain arteko arduraz eta ilusio berarekin lan egitea horiek errealitate bihurtzeko eta gure udalerria hobetzen jarraitzeko”.