Herritarrek “erantzun bikaina” eman diote 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 17a

Proposamenak jasotzeko faseak “parte hartze handia” izan duela adierazi dute. Guztira, 65 proposamen jaso dituzte, iazko prozesuan baino lau gehiago: “Derioren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko duten konpromisoa berriro ere agerian utziz”. Kirolarekin, mugikortasunarekin, parkeekin eta zerbitzu publikoen hobekuntzarekin lotutako ekimenek biltzen dituzte ekarpen gehien. 

Herritarren parte-hartze prozesu honek pizten duen interesa berresten dela diote. Jasotako ekarpenen artean, emakumeen parte-hartze handiagoa nabarmendu da: 38 proposamen emakumeek aurkeztu dituzte (% 58,5), eta 27 gizonek (% 41,5). "Derioztarren inplikazioak erakusten du herritarrek aktiboki parte hartu nahi dutela udalerriaren eraikuntzan. Proposamen bakoitza aukera bat da Derio hobetzen jarraitzeko, entzutetik eta lankidetzatik abiatuta", nabarmendu du Esther Apraiz alkateak.

Gehien errepikatu diren proposamenen artean kirol azpiegiturak sortu eta hobetzearekin lotutakoak nabarmendu dira. “Aurten gehien eskatu diren ekimenen artean boleibol-zelai bat sortzea dago, baita lehendik dauden instalazioak handitu eta berritzeko proposamenak ere, hala nola igerilekuak, kirol-pistak, parkeak edo aire zabaleko kirola egiteko guneak”. Bestalde, rokodromoa, 2026ko Aurrekontu Partehartzaileetan babes gehien jaso zuen bigarren proposamena izan zena eta 2027an berriro ere gehien eskatu diren ekimenetako bat izan da, azkenik Aldekoneko etorkizuneko gune estaliaren barruan kokatuko dute. “Dagoeneko martxan dagoen proiektu honek herritarren babes handia jaso duten eskaeretako bati erantzuteko aukera emango du”.

Mugikortasuna eta aparkalekua dira beste proposamen multzo nagusietako bat. Herritarrek aparkaleku berriak sortzea, anezka zerbitzuak, udal bizikletak eta udalerriko auzoen arteko lotura hobetzea planteatzen dute. Era berean, ekarpen askok parkeak eta berdeguneak hobetzea dute helburu. Herritarrek haur-parkeak berritzea, zuhaitzak landatuz itzal-eremu gehiago sortzea, txakurrentzako gune berriak egokitzea eta espazio publikoen mantentze- eta garbiketa-lanak indartzea eskatu dute.

Jasotako proposamenek adierazten dute, halaber, udal zerbitzuak “populazioaren hazkundeari egokitzen” jarraitu behar dutela, “familia topaketa eta aisialdirako gune berriak sortuz, iraunkortasunaren arloan aurrera eginez eta udalerri osoan irisgarritasuna hobetzen jarraituz”.

Herritarrek adierazitako lehentasunek “azken urteetako aurrekontu parte-hartzaileetan ikusitako joera bera” berresten dute. Izan ere, azken hiru urteetako proiektu irabazleak udalerriko kirol eta aisialdi azpiegituren hobekuntzarekin lotuta egon dira: 2024an frontoi ondoko kirol-pisten alboko itxiera, 2025ean aire zabaleko kirolerako baliabideen hobekuntza eta 2026ko edizioan udal futbol-zelaiko taberna berria sortzea. Horrez gain, irabazle izan ez arren, herritarren “babes handia” jaso zuten beste proposamen batzuk gauzatzeko lanean.

Hurrengo pausuak

Prozesuak aurrera jarraitzen du eta, orain, jasotako proposamen guztien “bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta juridikoa” aztertzen ari dira. Fase hori ekainaren 27an hasi zen eta irailaren 6ra arte luzatuko da. Ondoren, irailaren 14an argitaratuko dute herri bozketara pasatuko diren proiektuen zerrenda. Proiektu horiek irailaren 16tik 30era bitartean bozkatu ahal izango dira udalaren webgunearen bidez. Azkenik, urriaren 15ean emango dira ezagutzera bozketaren emaitzak eta 120.000 euroko aurrekontuarekin gauzatuko den proiektu irabazlea.