Imanol Arriortuak hiru urre lortu ditu pistako Espainiako Txapelketetan

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 29a

Argazkia: Euskadi Fundazioa

Euskadi Fundazioko txirrindulariak bikain aritu da Valentziako Lluis Puig Belodromoan asteburuan ospatu diren Elite-Sub23 eta Paralinpiar Pistako Espainiako Txapelketetan: urrezko hiru domina lortu ditu.

Noel Martin pilotuak lagunduta eta euskal selekzioaren koloreak jantzita, Arriortuak bere lehen bi tituluak zapatuan, uztailak 25, lortu zituen Tandem mailan. Lehenengoa 200 metroko Abiadura proban iritsi zen, eta bigarrena Banakako Jazarpenean lortu zuen. Domekan, uztailak 26, derioztarrak hirugarrena eskuratu zuen, Kilometroko proban azkarrena izanez, 1:06,632 denborarekin.

Emaitza horiekin, Arriortuak txirrindularitza egokituaren “benetako erreferente” dela berretsi du, uztailaren hasieran Melillan jokatutako Espainiako Errepideko Txirrindularitza Paralinpikoko Txapelketetan lortutako urrezko bi dominei (erlojupekoa eta ordekan) jarraipena emanez.

Denboraldiko hurrengo helburu nagusiak Munduko Errepide Txapelketak izango ditu, Alabaman (Estatu Batuak), irailaren 4tik 7ra, eta Pistako Munduko Txapelketa, Apeldoornen (Herbehereak), urriaren 29tik azaroaren 1era.