Deriok lizitaziora atera du kiroldegia berritzeko eta handitzeko lehen fasea, ia 2 milioi euroko aurrekontuarekin

Mikel Reina Barros 2026ko irailaren 2a

Lehen fasean, kiroldegiko sarbide eremua eraldatuko dute: atondoa handitu eta berrituko dute, irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetuko, espazio berriak sortuko eta instalazioak zein kanpoaldeko ingurunea berrituko dituzte. Irailaren 15era arte aurkeztu daitezke eskaintzak, eta lanak egiteko epea 36 asteko izango da.

Derioko Udalak lizitaziora atera du udal kiroldegia berritu eta handitzeko proiektuaren lehen fasea. Datozen urteotan udalerrian gauzatuko diren jarduketa estrategiko nagusietako bat da. Lehen fase honen lizitazio aurrekontua 1.979.404,96 eurokoa da, BEZik gabe.

Lehen fasean, batez ere, kiroldegiko sarrera eremua berritu eta handituko dute. “Helburua da espazioa erabilgarriagoa eta irisgarriagoa izatea, energia eraginkortasuna hobetzea eta eraikinaren irudia eguneratzea”, azaldu dute. Horrez gain, sarrera, joan-etorrietarako guneak eta arreta-espazioak gaur egungo erabiltzaileen beharretara egokituko dituzte. 

Aurreikusitako lanen artean daude atondo nagusia eta hari lotutako pasabideak erabat berritu eta handitzea; komunak, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea; gune tekniko eta administratiboak lekuz aldatzea; eta wifi gune berri bat eta atseden hartzeko espazio bat sortzea. 

Derioko alkate Esther Apraizek urrats honen garrantzia azpimarratu du: “Lizitazio honekin, azken urteotan Deriok martxan jarritako proiekturik handienetako bati emango diogu hasiera. Lehen urratsa emango dugu gure kiroldegia eraldatzeko eta udalerriari instalazio modernoagoak, irisgarriagoak, funtzionalagoak eta herritarren egungo zein etorkizuneko beharretara egokituagoak eskaintzeko. Deriorentzat oso jarduketa garrantzitsua da, bai duen tamainagatik, bai erabiltzaileek eurek helarazi diguten eskaera bati erantzuten diolako”. 

Deriok “kalitatezko” kirol azpiegiturak izaten jarraitzea nahi dute, eta kiroldegia “gure udalerriarekin batera garatzea”: “Lehen fase honekin hasiko da eraldaketa hori, eta pixkanaka garatuko dugu, lanek instalazioen eguneroko jardueran izan dezaketen eragina, ahal den neurrian, ahalik eta txikiena izan dadin”. 

Hiru fasetan

Kiroldegia berritu eta handitzea Derioko Kirolaren 2025-2028 Plan Estrategikoan jasotako proiektu nagusietako bat da. Gainera, horrela, udalak azken urteotan egindako parte-hartze prozesuetan herritarrek behin eta berriz egindako eskaeretako bati erantzuten dio. 

Egungo kiroldegiak 32 urte baino gehiago ditu, eta hura eraldatzeko lanak hiru fase nagusitan egitea aurreikusi dute, “instalazioaren eremu desberdinak kontuan hartuta eta, ahal den neurrian, obrak kiroldegiaren ohiko jarduerarekin bateragarri egiteko”. 

Bigarren fasean lurreko eremuan egingo dituzte lanak. Besteak beste, eskola-taldeentzako aldagela berriak egingo dituzte; abonatuen aldagelak hobetu; muskulazio-gela eta TRX gunea handitu; erabilera anitzeko gela berriak sortu; eta talde-jardueretarako gelak hobetuko dituzte. Era berean, segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko hainbat hobekuntza egingo dituzte. 

Hirugarren fasea ur eremura bideratuko dute, eta, besteak beste, aldagelak handitu eta hobetuko dituzte, eskola-taldeentzako gune berri bat sortuko dute eta aldagela irisgarria hobetuko dute. Deriok 5 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 2019 eta 2025 artean, besteak beste, kiroldegian bertan, udako igerilekuetan, futbolzelaian eta udalerriko hainbat kirol eremutan egindako jarduketetan.