Baina ongi merezitakoa izan zen ongi etorria, lorpena ere handia izan baitzen. “Sekulako poza hartu nuen. Azkenean, Munduko txapeldun izendatzea eta ortzadar mailota janztea txirrindularitzan lortu daitekeen lorpenik handiena da. Orain, urte osoan zehar, soinean eramango dut, eta oraindik sinistu ezin dudan zerbait da”, dio Arriortuak.
Hori bai, Deriora heldu zenerako “leher eginda” zegoela dio: “Ia lorik egin gabe, itzulerako bidaia oso luzea eta nekeza izan baitzen. 21:00ak aldera heldu zen herrira. Senide eta lagunen ongi etorria bakarrik ez, Lainomendi Dantza Taldeko lagunek, bera dantzaria zen ere, Ohorezko Agurra dantzatu zioten. “Gogotik gozatu nuen ongi etorria eta emozio asko pilatu zitzaizkidan”.
Lorpenaren pareko oihartzuna bizitzen ari da. Txirrindulariak berak aitortu du ez zuela espero “hainbestek oihartzunik” izango zuenik. “Elkarrizketak eta prentsaurrekoak izan ditut, telebistarekin egon naiz eta guzti. Horrelakoak kudeatzen ere ikasten ari naiz”.