Prozesuaren lehen fasean, guztira, 65 proposamen jaso ziren herritarren, elkarteen eta gizarte eragileen aldetik, aurreko edizioan baino lau gehiago. Udal zerbitzu teknikoek proposamen guztiak aztertu ondoren, honako lau proiektu hauek pasa dira herri-bozketara: Udal rokodromoa, boleibol-zelaia, petanka eta kaniketarako pista eta pump track-aren handitzea.
Zehaztu dutenez, azterketa prozesuan zehar jasotako proposamenetako batzuk ezin izan dira bozketa fasean sartu, “udalaren eskumen eremutik kanpo geratzen direlako”. Horien artean daude anbulatorioa handitzearekin eta osasun zerbitzuak hobetzearekin lotutako zenbait ekimen. “Hala ere, udalak eskaera horiek eskumena duten administrazioei helarazten jarraituko du, eta erakundeen arteko lankidetzatik lanean jarraituko du udalerrian eskaintzen diren osasun-zerbitzuak hobetzen laguntzeko”.
Era berean, bizikleta elektrikoen zerbitzua ezartzearekin lotutako proposamenak ere jaso dira. Kasu honetan, jarduera ez da Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketan sartu, dagoeneko zerbitzua martxan jartzeko lanean ari direlako. Udalak akordio bat dauka aldundiarekin 2027ari begira Deriok bizikletak alokatzeko bi puntu izan ditzan.
Bozketa irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta Derion erroldatuta dauden 7 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Udalaren webgunean, www.derio.eus, egokitutako inkestaren bidez bozkatu ahal izango da. Parte hartzeko laguntza behar duten pertsonek Gertuan Herritarren Arreta Zerbitzura edo Kultur Birikara jo dezakete, eta bertako udal langileek prozesua erraztuko diete.
Bozketaren emaitzak urriaren 15ean argitaratuko dituzte. Udalak 120.000 euroko partida gorde du herritarren babes handiena jasotzen duen proiektua gauzatzeko. Proiektu irabazlea zein den jakin ondoren, beharrezko azterketa teknikoa abiaraziko dute, “kokapen egokiena zehazteko eta proiektua gauzatzeko ezaugarriak eta baldintzak konkretatzeko, proiektuaren beharrei eta udal espazioen ezaugarriei erreparatuta”.
“Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu prozesuan parte hartu eta Derio hobetzen jarraitzeko euren proposamenak partekatu dituzten pertsona guztiei. Orain, lau proiektu finalisten artean erabakitzeko unea iritsi da. Derioztar guztiak bozketan parte hartzera eta nahi dugun udalerria eraikitzen lagunduko duten erabakietan parte hartzen jarraitzera animatzen ditugu”, adierazi du Esther Apraiz alkateak.