Proiektuak artxibo-lana, dokumentazioa eta argazkien bilketa uztartzen ditu, baina baita herritarren testigantzak eta oroitzapenak ere. Horregatik, bereziki eskertu dute Labayru Fundazioaren” lana eta proiektuan memoria partekatu duten derioztarren ekarpena”. Nekane Aiarza Derioko Udaleko lehen alkateorde eta zinegotziak gogorarazi du "gure baserriak zaintzea gure historia zaintzea da. Gure historia ezagutzea gure sustraiak ezagutzea da. Eta sustrai sendoak dituen herri batek etorkizunari indar handiagoz begiratu diezaioke".
Guztira 60 baserri inguru zerrendatu dituzte, 1900. urtea baino lehenagokoak. Liburuan bakoitzari buruzko fitxak eta argazkiak datoz. Bakoitzean hainbat datu ematen dituzte: izen arautua zein ahozkoa, historikoki oikonimoak izan dituen aldaerak, baserriaren lehenengo aipamenaren data eta baserriaren berezitasun nagusiak.
“Holako lanak ezinbestekoak dira gure izaera batzen dauen baserri-ondareari eusteko. Batetik, eraikinaren balio arkitektonikoa babestu behar da; bestetik, belaunaldiz belaunaldi igaro dan ondare immateriala, gure erroak osatzen dituena. Azken baten, baserriak familien bizitzara bideratutako eraikinak dira, eta euren beharretara egokitzen dira aroen arabera”, azaldu dute Labayru Fundaziotik.