Deriok ez ditu udal zergak eta tasak igoko 2027an, eta turismo zerga berria ezarriko du

Mikel Reina Barros

Derioko Udalak datorren urterako zergak eta tasak ez igotzea onartu du. Horrez gain, 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean egonaldi turistikoen gaineko zerga berria.

Igoko ez diren zerga eta tasen artean daude Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ), baita udal zerbitzuekin lotutako hainbat tasa ere, hala nola hondakinen bilketari eta estolderiari dagozkienak. Era berean, bere horretan mantenduko dituzte DUKeko (Derioko Udal Kiroldegia), udal txokoko eta jantoki-zerbitzuko tasak.

Bestalde, indarrean jarraituko dute gaur egun dauden hobari eta salbuespen fiskalek. Horien artean daude desgaitasuna duten pertsonei ibilgailuen gaineko zergan aplikatzen zaizkien salbuespenak, ibilgailu elektrikoentzako eta ECO ibilgailuentzako deskontuak, energia eraginkortasunarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako hobariak, eta familia ugarientzako OHZren hobariak.

“Udal zerbitzuak eskaintzeko eta mantentzeko kostuak handitzen ari diren testuinguruan hartu da zergak eta tasak izozteko erabakia. Hala, 2027rako ordenantza fiskalek indarrean dauden zerga-tasak eta tarifak mantenduko dituzte, prezioen bilakaeraren araberako igoera orokorrik aplikatu gabe”, diote.

Zerga berria

Horrez gain, egonaldi turistikoen gaineko zerga berriaren udal tarifak onartu dituzte. 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. “Ostatu turistikoetan gaua igarotzen duten pertsonei aplikatuko zaie, eta zenbatekoa ostatu motaren eta kategoriaren araberakoa izango da”, azaldu dute. 

Derion, tarifak honako hauek izango dira, pertsonako eta gaueko: 5 izarreko hoteletan, 5,50 euro; 4 izarrekoetan, 4,50 euro; 3 izarrekoetan, 2,50 euro; 2 izarrekoetan, 1,75 euro; eta izar bakarrekoetan, 1,25 euro. Apartamentu turistikoetan 3,50 euroko tarifa aplikatuko da, eta erabilera turistikoko etxebizitzetan, 6,50 eurokoa. Landa-etxeetan 1,25 eurokoa izango da tarifa, eta nekazaritza-turismoko ostatuetan, 0,88 eurokoa.

Araudiaren arabera, pertsona bakoitzari gehienez sei gau zergapetuko zaizkio ostatu berean jarraian egiten duen egonaldi bakoitzeko. Horrez gain, araudiak hainbat salbuespen ere aurreikusten ditu (desgaitasuna duten pertsonak, adingabeak, osasun arrazoiengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik).

Deriok egun bost hotel ditu, Uribe eskualdeko udalerrien artean gehien dituen herria izanik. Gainera, erabilera turistikoko sei etxebizitza eta landa-etxe bat ere badaude udalerrian. Guztira, 576 ostatu-plaza turistiko daude Derion. Horrek esan nahi du turismo intentsitatea %7,90ekoa dela, udalerriko biztanleria kontuan hartuta (7.294 biztanle).