Gernikako Arbola Kaleko berrurbanizazio obren barruan, Uribe Parkearen ondoan dauden Liriodendron tulipifera espezieko 16 zuhaitz kenduko dituzte. Obrak egiten ari diren bitartean egindako txosten teknikoaren arabera, “ezin da bermatu zuhaitzek behar bezalako egonkortasuna eta biziraupena izatea berrurbanizazioa amaitu ondoren”.
Gaur egun, zuhaitzak tamaina txikiko banakako txorkoetan daude landatuta. Sustraiak haztean, zintarriak mugitu eta hautsi dira, eta zoladuran deformazioak sortu dira. Gainera, kota eta zoladura berriak egiteko lanek zuhaitzen sustraien zati handi bati eragingo lioketeela diote.
Azaldu dutenez, txosten teknikoak baztertu egiten du zuhaitz helduak lekuz aldatzeko aukera ere. “Horiek ateratzean sustrai ugari galduko lirateke, eta ezin izango litzateke bermatu ondoren behar bezala sustraituko direnik”.
Egungo zuhaitzak kentzearekin batera, zuhaitz berriak landatuko dituzte. Egungo banakako txorkoen ordez, gutxi gorabehera 1,20 metroko zabalera eta metro batetik gorako sakonera izango duen parterre jarraitu bat egingo dute. Landare-lurrez beteko dute eta ureztatze automatikoko sistema izango du. Horrela, sustraiek hazteko “lur bolumen handiagoa izango dute eta zoladuran eragin txikiagoa sortuko dute”.
Espazio horretan tamaina egokiko zuhaitz berriak landatuko dituzte . Espezieak aukeratzerakoan, Derioko klimara eta hiri ingurunera “ondo egokitzea, espaloiarekin bateragarriak izatea eta oinezkoentzako ibilbidean itzala emateko adaburu zabala garatzeko gaitasuna hartuko dira kontuan”.
Jarduketa Gernikako Arbola Kalea, Sollube Kalearen eta Larrabarri Ibilbidearen artean berrurbanizatzeko proiektuaren barruan egingo dute. Proiektuak espaloiak zabaltzea, bidegorri-zati berri bat egitea, Uribe Parkerako sarbidea hobetzea eta zoladura, argiteria, drainatze-sarea, hiri-altzariak, lorategiak eta seinaleztapena berritzea ere aurreikusten du.