Iparra galdu barik

Mikel Reina Barros

Argazkia: Aner Mentxaka Alvarez

Derioko Ipar Alde abesbatzak 50 urte betetzen ditu aurten. Gaur egun ez daude abeslari kopuru aldetik beraien kopuru onenean, baina “ilusioa eta gogoak” mantentzen dituzte. Azarotik aurrera ekimen bereziak antolatu dituzte urteurrenerako.

Urteurrenak, berez, ospakizun urteak izaten dira: ekintza bereziak, bazkariak, elkarguneak… Askotarikoak egiten dira. Gehienetan, gainera, ‘beste 50 urteren bila’ eta horrelakoak esaten dira. Urteurren gosea ere badagoelako, gero eta gehiago, hobeto, zerbait handiagoa eta bereziagoa antolatzeko.

Baina, batzuetan, ‘beste 50 urteren bila’ esaldia ez da egingarria, edo zaila dirudi behintzat. Hori da Derioko Ipar Alde abesbatzaren kasua. 50 urte betetzen dituzte aurten, eta hauek ere egitarau berezia antolatu dute azarotik aurrera. Etorkizuna, ordea, “iluna” ikusten dute. Ahots grabeen gizonezko abesbatza izanik, bataz besteko adina oso altua dute, eta “errelebo falta handia” nabaritzen dute.

“Ez dago Derioko izena zabaltzea baino harrotasun handiagorik”

Javier Zubieta Etxebarriak duela 50 urteko ilusioarekin geratzen da. 1976an sortu zen abesbatza, Derioko Indosa-Magefesa  enpresan. Gogoratu du garai horietan askotariko jarduerak antolatzen zituela enpresak, eta tartean, abesteko taldetxo bat sortu zuten. “Musika gustuko genuen batzuk abesteko elkartzen ginen, batez ere, enpresak antolatutako ekintzetan parte hartzen genuen”.

1981an zabaldu zuten taldetxo hori Derioko herrira. Orduan, elizako abesbatzarekin eta Lagun Onak txokoarekin elkartu ziren. Hurrengo urtean Santa Ageda abesteko talde bat sortu zuten. “Esan dezakegu hor hasi zela gaur egungo ezagutzen dugun Ipar Alde abesbatza, bertan hasi ginen entsaiatzen”. Pauso bat gehiago eman zuten, eta Bizkaiko Abesbatzen Elkartera batu ziren ofizialtasun horren bila. Garai horietan 50 lagun inguru elkartzen ziren abesteko. Gaur egun elkartzen diren 15-20 kideetatik urrun. “Gure ametsa da orduko kopuruetara itzultzea”.

Abesbatza Malagan abesten 2000 urtean eta Santa Ageda ospatzen Aldekonen, 2012an.

Hasiera horietako “berritasuna eta gogoak” gogoratzen ditu Zubietak. Eta, zelan ez, bidaiak. Asko eta askotarikoak. Pentsa, 1987rako Europatik barrena bidaiatu zuten: Venezian (Italia) abestu zuten, Vienako udaletxean (Austria), baita Nazio Batuen Erakundeko egoitzan ere. “Guretzako izugarria zen, Derio bezalako herri txiki bateko abesbatzak horrelako lekuetan abestea, ez genuen gure ametsik onenetan ere amesten. Guretzako Europa konkistatzea bezala zen. Ez dago Derioko izena zabaltzea baino harrotasun handiagorik”.

Zer aldatu da ordutik? “Gero eta gutxiago garela, jendea hiltzen da, bizitza da”. Oro har, Ipar Alde bezalako beste abesbatza batzuei gertatzen zaie berdina: atzetik ez datoz ordezkatuko dituztenik. “Beste askori pasatzeak ez du aringarriago egiten, errealitatea da”. Zubietak dio abesteko elkartzen direla, inork ez duela musika ikasi, abesten ikasten dutela gehiago, ekinez egiten dute. “Gizartean denok abesten dugu, hobeto edo txarrago, oro har, gehienek ez dakite, baina lagunekin beti ausartzen gara”. Abestiak ere betikoak dira diote: euskaraz, gaztelaniaz edota nazioartekoak. “Gutxiago gara, baina ilusioa bera da”.

Kolore iluna
Juan Miguel Atxutegi Gerrikaetxebarriak ez du beste alde batera begiratzen, aurre egiten dio gaur egungo errealitateari eta etorriko den etorkizun hurbilari. 15 lagun inguru elkartzen dira eta astean bizpahiru entsegu egiten dituzte. “Hau da, konpromiso bat eskatzen duen zerbait da”, dio.

Horrenbestez, aitortzen du etorkizuna ez dela “hain alaia eta pozgarria”, “iluna” baizik. Hala ere, aurrera jarrai- tzeko gogoak mantentzen dituzte. Alde horretatik, adinak berdin dio, “eta ahal dugun bitartean abestera etortzen jarraituko dugu”. Atxutegik berak 81 urte beteko ditu laster, eta ez du ukatzen “errelebo falta nabaria” dagoela. “Abesteko eta ondo pasatzeko elkartzen gara, bakoitzak bere pentsaerak, izateko moduak eta adinak ditu, baina kantuek elkartzen gaituzte”.

'Agian abesti modernoagoak kantatuko bazenituzte…' Askotan entzundako beste esaldietako bat. “Baina ez da gure estiloa, konpromiso argia daukagu aspaldiko abestiak mantentzearekin, gureak ere ondarea dira, batez ere bertokoak, euskaldunak”. Eta hori ez dituztela ateak ixten, askotako kantak abesten dituzte, ingelesez edota alemanieraz eta guzti. “Agian ez dira hain erakargarriak, baina gure historia dira”.

“Etorkizuna ez da hain alaia eta pozgarria, iluna baizik, errelebo falta nabaria da”

Eta hori bestelako espazioak konkistatu nahi izaten dituztela. Hau da, abesbatzen ohiko espazioetatik apur bat atera, eta kaleak hartu. Eguenetan, Derioko goialdeko auzoetako pintxo-potean egiten hasi diren bezala. Urrian hasi ziren kantu korala kalera ateratzen eta orain arteko harrerarekin “oso pozik” daude. Lehen beheko tabernetatik ibiltzen ziren, eta orain goialdera jo dute Derioko Udalaren eskutik.

50. urteurrenari begira “ilusioa” mantentzen dute. Hain zuzen ere, Ipar Alde abesbatzak ere egitarau berezia antolatu duelako. Ezin ziren gutxiago izan. Azaroaren 21ean, 19:00etan, meza egingo dute San Isidro elizan, eta gero koralisten, koralista ohien eta jarraitzaileen omenezko kontzertua osatuko dute. Hileko bigarren hamabostaldian, ordea, abesbatzaren erakusketa jarriko dute erakusgarri Kultur Birikaren atarian. Bertan argazki historikoak, kartelak, plalak edota garaikurrak ikusteko aukera egongo da. Abenduaren 24an, ohi bezala, Olentzerorekin batera aterako dira herriko kaleetatik. Inguruko sei abesbatzekin batera, abenduaren 26an, 19:00etan, gabon kantetako 40. emanaldia egingo dute, San Isidro elizan.