Hogei urteko ibilbidea du Astika Herria egitasmoak. “Etxebizitza bila zebiltzala, Astikako hasierako sustatzaileek hutsik topatu zuten etxeetako bat eta sartu ziren bizi izatera. Handik urte batzuetara, pabilioia –ibilgailuen tailerra omen zena– okupatu zen, hainbat kolektibori lekua emateko eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko. Beste bi etxeak geroago okupatu ziren”.
Izan ere, Astika Herriak bi zutabe nagusi ditu. Alde batetik, etxebizitzarako eskubidea. Gaur egun, bost pertsona bizi dira bertan, eta, esandakoaren arabera, 20 urtean 30 lagun inguruk topatu dute Astikan non bizi. Eta beste alde batetik, eginkizun soziala. “Guztiontzako elkargunea izateaz gainera, kanpora begirako ekintzak egiten dira, hala nola kontzertuak, tailerrak, antzerki-emanaldiak eta hitzaldiak”. Horrela, urtean hitzordu garrantzitsu bi daude Astika Herrian: udako solstizioa eta auzoko jaiak, urriaren erdialdean. “Kolektiboak ere etortzen dira lekua erabiltzera. Esaterako, azken aldian musika elektronikoa lantzen duen emakume-talde bat etorri zen tailer bat egitera. Tailerra amaituta, musika ipini zuten eta jaialdia egin zen”.
Astika Herritik hainbat belaunaldi pasatu diren arren, hasierako filosofiari eutsi diote bi hamarkadan. “Hemen badago bizitza komunitarioa aurrera eramateko errealitatea, eta bizi garen kapitalismo basati honen kontra egiteko modua ere bada hemengo jendearen bizimodua, bai Astikan bizi direnena, bai asanbladan parte hartzen dugunonena”. Adierazi moduan, okupazioa tresna- tzat erabili dute etxebizitzaren arazoari konponbidea emateko. “Jabetza pribatuaren aurka gaude, eta non hemen baino hobeto? Astika are sinbolikoagoa da, ze kapitalismoz inguratuta gaude: fabrikak, industrialdeak, supermerkatu handia… Baina berton jarraitzen dugu, etxe hauei bizitza ematen eta kapitalismotik at gauzak egiten eta gure autogestioa aurrera eramaten”.
Autogestioaren bidez lortu dute auzoa berreskuratzea eta etxeak konpondu dituzte. “Etxeetako bat guztiz jausita zegoen eta teilaturik ere ez zuen; zerotik eraiki genuen berriro. Azken batean, okupazioaren gakoetako bat da gauzak mantentzea eta zaintzea. Pabilioia abandonaturik utzi balitz, adibidez, bada, ziur asko eraitsiko zen, ze gauzei bizitzarik ematen ez badiezu, hil egiten dira. Guk bizitza eman diogu auzoari, eta horregatik mantendu da bizirik”. Ortuak ere badituzte Astika Herrian, eta horiek egitasmoko kideek zein inguruko herritarrek erabiltzen dituzte euren ekoiz-pen txikia izateko.
Atsegingarria
Erabakiak asanbladaren bidez hartzen dituzte Astika Herrian. “Hamabi lagun gara asanbladan: hemen bizi direnak zein bizi ez garenok. Batzarretara hainbat gai eramaten dira, esate baterako, gunearen kudeaketa, egin beharreko konponketak, kultura-egitaraua eta horri lotutako kudeaketa, beste kolektibo batzuek deitutako ekitaldietan Astika moduan parte hartzea…”. Asanblada irekia da, eta nahi duenak parte hartzeko aukera du bertan, betiere oinarrizko balioak errespetatzen baditu. “Transfobiaren kontrako gunea da Astika, sexismoaren kontrakoa, lodifobiaren kontrakoa, homofobiaren kontrakoa…”.
Zalantzarik ez dute, halako egitasmo batean parte hartzea atsegingarria eta motibagarria dela esaten dutenean. Adierazi moduan, pabilioia okupatu zen momentua izan zen egitasmoaren ibilbidearen unerik giltzarrietako bat, “horrek Astika kanpora zabaldu zuelako eta proiektua publikoagoa egin zelako, jendeari hona hurbiltzeko aukera emanda”. Horrela, bada, pabilioia elkargune bihurtu zen herritar askorentzat, eta etxeak okupatzen zebiltzanek zein garai batean etxeetako batean alokairuan zeudenek eta elkargunean zebiltzanek hartu zuten Astika Herria kudeatzeko ardura. “Gainera, hau Kranba! okupazioaren eta autogestioaren aldeko Bilboko konpartsaren –Komantxe izandakoa– etxea izan da urteetan: bertan gorde dute txosna, asanbladak egiten zituzten, asteburu luzeak eman…”.
Beste momentu giltzarri bat izan zen egitasmoak lehen mehatxua jaso zuenean. “Txipa aldatu genuen: berton hainbeste urtean egon ondoren, gu hemendik kaleratzeko eta hau guztia botatzeko arriskua agertzen da; erne jarri ginen”. Azken etxea okupatu izana ere une garrantzitsua izan zen, Astika Herritik alde egiteko asmorik ez zutela tinko adierazi zuten eta. “Labartain enpresak dena zuen erosita, eta etxe horretan bizi zirenek alde egin zuten. Enpresak itxi zuen etxea, baina guk okupatu genuen”.
Alerta
Azaldu digutenez, 2019an jakin zuten Erandioko Udalak Astika auzoan beste proiektu bat garatzeko asmoa zuela. “Informazio publikoa da, eta irakurtzeko aukera izan genuen. Egia esan, ez dakigu zehatz-mehatz zein proiektu-mota den, baina hiru baserriei eta pabilioiari dagokie: behera bota nahi dituzte, ez dakigu zer eraikitzeko”. Aipatutakoaren arabera, Labartain enpresa pixkanaka-pixkanaka joan da lurra eta eraikinak erosiz, eta lurra berriz kalifikatzea ere lortu zuen: landa-lur izatetik industria-lur izatera pasatu zen. “Eraiste-lizentzia 2020an eman zien udalak, hemen pertsona batzuk bizi direla eta Astika Herria dagoela jakinda; hala ere, berton bizilagunik ez zegoela esaten zuten. Enpresa bateko langileak etorri ziren eta neurketak eta argazkiak egin zituzten. Alerta handiko momentua izan zen. Bestalde, saiakera asko egin behar izan genituen hemengo jendea erroldatu ahal izateko: ez dakigu zergatik, baina saiatzen ginen bakoitzean beste traba bat ipintzen ziguten. Harik eta azkenean lortu genuen arte”. Astika Herritik irteteko agindua 2023an heldu zitzaien. “Urte horretako maiatzaren 25ean kanpoan egon behar genuela esan ziguten, baina erabaki genuen ez genuela alde egingo”.
Hainbat mekanismo ipini dituzte martxan, 20 urteko egitasmoak zutik jarraitu dezan, esaterako, kanpainak eta manifestazioak. “Bide judizialera ere jo dugu, eta abokatu baten laguntzarekin topatu ditugun bide guztiak erabili ditugu. Errekurtsoak aurkeztuz joan gara, eta auzia Auzitegi Gorenean dago gaur egun, azken instantzian. Era berean, jarraitu egin dugu Astikan ekintzak antolatzen, gunea bizirik mantentzeko eta jendeak parte hartzeko, ze horrek indarra ematen dio egitasmoari”. Epaia noiz jakinaraziko den ez dakite, baina enpresaren eta udalaren alde egingo duen susmoa dute. “Badakigu handik hilabete batzuetara Astikatik irteteko agindua jasoko dugula. Ondo dakigu legeak zelan eginda dauden, eta ez daude inondik inora halako proiektu baten alde eginda”.
Hortzez eta haginez
Nolanahi ere, argi dute egitasmoa hor-tzez eta haginez defendatuko dutela. “Hainbeste urteren ostean eta zer lortu dugun kontuan izanda, ez gara hemendik joango. Astika Herriaren alde borrokatuko gara eta salatuko dugu hemendik bota nahi gaituztela, beste supermerkatu edo industrialde bat edo dena delakoa ipintzeko. Bai proiektuarengatik, bai etxebizitzengatik. Etxebizitzarena egundoko arazoa da gaur egun, eta ez da onargarria erakunde publiko batek pertsonen aurretik dirua ipintzea. Etxebizitzak defendatu behar diren momentuan gaude, baita Astika bezalako proiektuak ere. Argi dugu berton egongo garela”.
Euren iritziz, ez da kasualitatea aspaldi honetan zabaldu den okupazioaren kontrako kriminalizazio-kanpaina. “Esan moduan, arazo larria da etxebizitzarena, baina etxebizitzarako eskubidea defendatzeko indarra ere badago, eta gaia mahai gainean ipini da. Hala ere, 2018an legea aldatu zen, okupazioaren kontra gogorrago egin ahal izateko. Orduan, udal baten laguntzarekin, eraikuntza-enpresa handi bat, buruan bakarrik dirua duena, etorri daiteke eta auzokideak kalera bota ditzake. Auzokideak kalean geratzen dira, baserriak botatzen dira… Baina arazoa okupazioa da… Oso estrategia argia da: arreta okupazioan ipintzea, etxebizitzaren arazoan baino. Azkenean, zer arazo dakar okupazioak? Esparru juridikoan espekulazioak etxebizitzarako eskubideak baino leku handiagoa izatea nahi dute, eta horretarako, gutxinaka joaten dira legeak eginez eta epaiak kaleratuz. Dirudunek ez dute inongo oztopo legalik izan nahi, euren negozioak aurrera eramateko, nahiz eta jendearen oinarrizko eskubide gainetik pasatu. Okupazioaren kontrako kriminalizazioa testuinguru horretan dago”.
Gogora ekarri dutenez, Astika Herria mehatxupean dago eta eskatu diote jendeari adi egoteko, edozein momentutan egitasmoa babesteko kanpaina berraktibatzeko beharrizana egon daiteke eta. “Eta, aldi berean, etor daitezen hona gauzak egitera eta Astikari bizitza ematera”. Izan ere, 20 urtean ilusioz aurrera atera duten egitasmoak bizirik jarraitzea nahi dute.