Arin esaten dira 100 urte. Urteurren ezin borobilagoa. Esan bezala, zaila izaten da, ezinezkoa ez esatearren, apurtzear dagoen zerbaitek hainbeste denbora irautea. 100 urtetan, zelan ez, arrakalak izan ditu, baina horrek ez du esan nahi apurtzear dagoenik, ez behintzat gaur egun.
1926ko abuztura arte joan beharra dago klubaren hastapenera arte heltzeko. Hain zuzen ere, gure inguruan hain ohikoa izaten den bezala, lagunartean atera zen taldea eratzeko ideia. Beroaldi horietako batean, non guztia ideia ona dirudien. Asua eta Erandiogoikoako lagun talde bat futbol klub bat sortzeko ideiarekin elkartu ziren. Denak horretarako bazauden ere, beti egon behar da ideia besteek bezain ondo ikusten ez duen pertsonaren bat. “Zehazki, pertsona hori Juan Egaña izan zen”. Egañaren ustez, horrelako proposamenetako askotan gertatu ohi den bezala, ideiak askorik iraungo ez zuela esan zuen. Historiarako esaldia bota zuen: “Apurtu arte aguanta dadila”. Horregatik erabaki baitzuten Apurtuarte izena jartzea klubari.
“Arteaga, Apurtuarteren egoitza izateko eta jokatzeko zelai bat izan zezan eraiki zen”
Ideia zoro horrek 100 urte bete ditu. “Hasieran pentsatzen zena baino askoz askoz gehiago iraun du proiektuak, ametsik onenean ere ez genuen pentsa- tzen horrelako zifretara helduko zenik. Izan ere, Apurtuarte Txorierriko futbol talderik zaharrena da. 1926ko abuztuaren 20an sortu zen ofizialki eta Bizkaiko Futbol Federazioan 1927-1928 denboraldian eman zuten izena. Asuan kokatuta zegoen Leorbaso futbol zelaian hasi ziren jokatzen. Garai gorabeheratsu horiek ez ziren inondik inora errazak izan. 1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zenean klubak lehiatzeari utzi behar izan zion hainbat urtez, 1943an itzuli ziren zelaira.
Baina Bizkaia etengabeko bilakaeran zegoen, industria zen nagusi eta horrek ere eragina izan zuen eskualdean. Industria garapen horrengatik, Leorbaso futbol zelaia desagertu egin zen 1956an eta Apurtuarte futbol zelai barik geratu zen. Bere partidak C.D. Sondikaren zelaian jokatu behar izan zuten, horrek suposatzen zuen guztiarekin. “Txapelketako partida bakoitzeko 125 pezeta zahar ordaindu behar ziren, eta hori gutxi ez, eta klub horretako bazkideentzako beste pribilegio batzuen trukeak ere bazeunden”.

Hain zuzen ere, 50eko hamarkada izan zen Apurtuarteren urrezko aroa kirol esparruan, hamarkadaren amaieran batez ere. 1957an Espainiako hirugarren mailara igotzea lortu zuten: “Igoera historikoa izan zen, igo bakarrik ez, hiru urtez maila mantentzea lortu baitzen jaitsi baino lehen”. Jaitsieraren ostean dena etorri zitzaien gainera. “Klubak ez zuen jokatzeko zelairik aurkitu eta bi denboraldiz lehiatik kanpo egon behar izan zuen. Epe horren ondoren, txapelketetara itzuli ziren, baina behe- beheko mailetatik hasi behar izan zuten berriro bidea, ordura arteko lorpen guztiak atzean utziz”.
Beraz, futbol zelaia izan da historikoki Apurtuarteren burukomin handienetako bat. Horregatik, arnas luzea hartu zuten 60ko hamarkada hasieran. Loiuko San Jose Artesano futbol zelaian jokatzen hasi ziren, eta bertan bizi izan ziren 40 urte inguruz, 2002an Erandiogoikoako Arteaga zelaia inauguratu zuten arte. “Zelai hau, Apurtuarteren egoitza izateko eta Erandioko udalerrian jokatzeko zelaia bat izan zezan eraiki zen”.
“Sondikan jokatzeko, ligako partida bakoitzeko 125 pezeta zahar ordaindu behar genituen”
Klubeko ordezkariek onartzen dute egoitza izateak bestelako ateak zabaldu dizkietela, eta hori oraindik beste talde batzuekin elkarbanatzen dituztela. Lehen taldea Lehentasunezko Mailan dago, jaitsiera postuetatik erabat urruntzeko azken ahalegina egiten. Hiru jardunaldi besterik ez zaie geratzen denboraldia amaitzeko. Iaz lortu zuten igoera lehen mailatik eta aurtengo helburua nagusia maila mantentzea dela diote arduradunek. Baina ia are eta garrantzi gehiago ematen ari dira harrobiko lanari. Gaur egun Apurtuartek adin guztietako 180 jokalari inguru ditu. Harrobian bederatzi talde ditu guztira.
Harrobia zainduz
Orain harrobiko lana indartzeko lanean daude. Maiatzean ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte umeak eta gurasoak kluba ezagutzeko aukera izan dezaten. 2008 eta 2021 urteen artean jaiotakoentzako jardunaldiak dira eta maiatzeko martitzen eta eguen guztietan osatuko dituzte lan saioak Arteaga futbol zelaian. “Apurtuarten entrenatzeko aukera eman nahi diegu, gure entrenatzaileak ezagutu eta klubeko talde giroa barrutik bizi ahal izateko aukera eman”. Informazio gehiagorako Instagram kontutik edo apurtuarteclub@gmail.com posta elektronikora idaztea eskatu dute.

Hori gutxi ez, eta udako kanpusa antolatzen dabiltza. Kasu honetan, 2010-2021 urte bitartekoentzako kanpusa da. Izen ematea zabalik dago ekainaren 7ra arte eta sare sozialetan jarrita duten QRa betez osatu daiteke izen ematea. Bi txanda antolatu dituzte, ekainaren 22tik 26ra eta ekainaren 29tik uztailaren 3ra. 09:00etatik 14:00etara da kanpusa, Arteaga futbol zelaian. Astebeteko prezioa 110 eurokoa da eta bi astekoa 200 euro, prezioaren barruan daude hamaiketakoa arropa eta asegurua.
Ereserkia
100 urtek askotarako ematen dute. Sorkuntza lanak hasteko ere, aitzakia izan daiteke, aitzakia borobil bat, erabatekoa gainera. Horregatik, Apurtuarte Futbol Taldetik klubeko ereserkia sortzeko une ezin aproposagoa zela erabaki zuten. Baina ez bakarrik ereserki hutsa, hau da, letra eta doinua, baita bideoklipa ere. Sorkuntza lana erabatekoa, borobila, urteurrena bezala.
Horretarako, inguruko sustraietara jo zuten. Batetik, doinua jartzeko Taberna Ibiltariko kideengana jo zuten. Bestetik, bideoklipa grabatzeko Jon Goikuriarengana. “Behin martxan jarrita, dena nahi genuen, abestia eta bideoa”.
“Bideoklipean, belaunaldi desberdinetako kideak agertu behar ziren 100 urteko historia erakusteko”
Hiru egunetan osatu zuten grabazioa, hiru toki desberdinetan: Arteaga futbol zelaian, Erandiogoikoko Andra Mari elizako arkupe eta kanpoaldean eta Mungiako estudio batean. Jon Goikuriak argi izan zuen bideoak nondik jo behar zuen: “Belaunaldi desberdinetako kideak agertu behar ziren 100 urteko historia hori erakusteko”. Oso eskertuta agertu da sortzailea klubaren aldetik jasotako lagun- tza eta koordinazio guztiagatik. Azkenean kontuan izan behar da horrelakoak egiten ohituta ez dagoen jendea dela, baina irribarre batekin dena da errazagoa”.
Egitarau oparoa
Maiatzaren 23an osatuko du Apurtuartek 100. mendeurreneko ospakizun nagusia. Eta zelan gainera. Bete-beteko eguna antolatu dute. 12:00etan klubeko eta Athleticeko beteranoek lagunartekoa jokatu dute. Ondoren, denak ala denak herri bazkarian elkartuko dira. Sarrerak salgai daude Dandakan, Celesen eta futbol zelaian. Helduen tiketak 35 eurotan daude salgai eta umeek 22 eurotan. Bazkalostea Taberna Ibiltariak girotuko du. 22:00eta hasiko da Su Ta Gar taldearen kontzertua eta 00:00etatik aurrera Orekka taldearen erromeriak luzatuko du gaua.
Baina maiatzaren 23ko ekitaldi handiaz gain, futbol taldekoek asko gehiago daukate buruan. Hain zuzen ere, urtarrilaren 3an aurkeztu zituzten ekitaldietako batzuk. Helburua argia izan da: urte osoko plangintza bat osatzea, hilabete bakoitzean ekintza bat osatzeko. Gauzak horrela, orain arte inauterietan edota Korrikan parte hartze berezia izan dute. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ere Karmele Ibarrondori omenaldia egin zioten. “Herriaren eta klubaren zutabe izan dira Ibarrondo eta oro har klubean lan egin duten emakume guztiak, eta gure aldetik esker ona adierazteko modua izan zen”.

Aurrera begira ere askotariko ekimenak dituzte antolatuko dituzte, hemen ere ingurukoak nahi izan dituzte. Adibidez, ekainean, Erandiogoikoako jaien baitan, beteranoen partida bat jokatu nahi dute eta jarraian, lehen taldeak igoera lortzen duen bezala, traktore gainean herriko kaleak zeharkatu. Uztailean, Asuako jaietan, beti ondoan dituzten Goiherri sokatira taldearekin eta Goialde dantza taldearekin adiskidetza ekitaldi bat egingo dute.
Horrez gain, beste hainbat ideia dituzte buruan. Apurtuarteren historiaren inguruko solasaldi bat antolatu nahi dute historiagile batekin eta Erandiogoikoako kultur etxean aspaldiko argazki, dokumentu edota arropen erakusketa bat jarri. Azkenik, urte eta urteurrena amaitzeko, abenduan, bertso afaria egingo dutela aurreratu dute.