Azken urteak oso gogorrak izan dira autonomoentzat. 2020. urtea, adibidez, oso latza izan zen eta hori denok dakigu: autonomook eta autonomoak ez direnek ere bai. Garai hartan, etxean konfinatuta eta ezer fakturatu barik pandemian geundela, autonomoek ordaintzen genituen zentzurik gabeko kuotak ezinbesteko bilakatu ziren sistema osoari eusteko. Hala eta guztiz ere, publikoki behintzat, meritua bakarrik aitortu zitzaien zerbitzu sanitarioetako langileei, suhiltzaileei eta poliziei. Ez ulertu txarto, irakurle; ondo neritzon esandako guztiei euren lana eta ahalegina aitortzea, baina ez nuen bidezkotzat jotzen batzuei hainbeste txalo eta berba egitea, eta beste batzuei ezer ere ez. Antza denez, berriz ere ezinbesteko bihurtuko gara eta berriz ere ez dugu inongo aitortzarik jasoko. Oinarrizko beharrizanen –argindarra, esate baterako– salneurriek gora egiteak eragindako ondorio ekonomikoen “salbatzaile” bihurtuko gara, eta ez nago ados; horrela behintzat, ez.
Autonomoon ahaleginak isilpean bete dira sistemaren mesederako. Sistemaren ahaleginak noizko autonomoon mesederako?