Maxek, liburuaren protagonistak, otso mozorroa janzten du eta bihurrikeriak egiten hasten da. Gurasoek logelara bidaltzen dute, bertan lasaitzera, baina logelan, lasaitu baino, bat-batean zerbait zoragarria gertatzen zaio: Max oihanean agertzen da, basapiztia izango balitz bezala.
Max piztiak edo munstroak bizi diren lekura heldu da eta bere eskutik beste mundu batean sartzen gara: ez dakigu han gertatzen diren gauzak benetakoak edota amestutakoak diren, baina abentura itzela biziko dugu irakurleok. Umeak zein helduak isil-isilik geldituko dira istorioak kontatzen duen abentura amaitzen denean: oraindik beste mundu batean gaude? Edo agian hementxe bertan ditugun munstroen aztarnak somatzen ditugu?
Gure umeekin irakurri nahi badugu sei urte gorakoentzat dela esango nuke, txikiagoek istorioan agertzen den denboraren jokua agian oso ondo ulertuko ez dutelako.
Aholkua
Herriko liburutegiaz gain, liburutegi handiagoak ere badaude, adibidez Alhondigako mediateka (honetan haur-txokoa ere badago), Bilbon. Liburu mordo bat dago bertan eta, gainera, zapatuetan eta igandeetan irekita dago gaueko 9:00ak arte. Herritik atera gabe ere badugu “liburutegien arteko mailegua” zerbitzua. Horrela, beste liburutegietan dagoen edozein liburu eska dezakegu herriko liburutegian eta, laster izango dugu bertan.