Baina hurrengo lerrootan Amonatxoak albuma hartuko dugu hizpide. Liburua adin guztientzat dago zuzenduta, hau da, 0 urtetik 99 urtera bitartean konta dezakegun horietarikoa. Istorioa oso hunkigarria da. Protagonistak elkarrekin bizi diren edadeko andre bi dira: elkarrekin bazkaltzen dute, elkarrekin lo egin, elkarrekin amets egin... Txiroak baina zoriontsuak. Egun batean abentura itzela bizi eta gero, batek arazo larria dauka eta bestearen laguntza behar du dagoen egoeratik ateratzeko.
Albumak gai orokorrak jorratu ditu: amodioa, laguntasuna, konfiantza, nagusien jakinduria, emakumezkoek “betidanik” egin dituzten lanak (josi, janaria prestatu, zaindu...)... Protagonistek dantzak eta abestiak erabiliko dituzte, maitatzen duen laguna berriro aldamenean izateko. Eta azkenean, sorpresa izugarria, naturaren zikloak eta gizakiok ditugunak lotzen direnean.
Aholkua
Albumak bereziak dira. Batzuetan txikiei zuzenduta daudela uste dugu eta umeak koskortzen direnean ez diegu kasu handirik egiten. Hala ere, albumak altxorrez josita daude. Bai marrazkiak, bai istorioa. biak batera kontuan hartzen baditugu, liburu bereziak dira, adin guztietako liburuak. Adin gomendatua markatzen duen koloretako puntutxua batzuetan alde batera utzi behar dugu, albumekin berraurkitzeko, eta marrazkietan murgiltzeko.