Ahaztuak

Erabiltzailearen aurpegia t: Bego Vicario, irakaslea 2020ko urr. 28a, 10:13

Lerro hauek idazten nenbilela jakin nuen aurreko egunean Quino handia hil zela. Filosofo umoretsua zen, eta, artista on guztiek bezala, ezinbestekoa zuen munduko egoeraz hausnartzea eta hausnartutakoa Mafalda komiki-bandan marraztea. Horietako batean, Manolitok maistrari esan dio ez duela ulertzen, eta maistrak noiztik ez duen ulertzen galdetu dionean, erantzuna harrika bota dio: martxotik. Komiki-banda hori meme bihurtu da egunotan, COVID-19a dela-eta aukeran baitatorkigu, baina niri beste zerbait ekarri dit gogora eta hurrengo lerrotan labur kontatuko dut.

Manolito nahiko ume artaburua da eta familiaren janari-dendan lan egitea du amets, jakin badakielako janaria beti izango dela jendeak erosi beharreko zerbait. Horregatik, aitaren janari-dendan inportantea sentitzen da, eta arratsaldeak han ematen ditu, arkatz txikia eta sendoa erabilita, bezeroei kontuak ateratzen. Manolitok ez daki, aldiz, laster bere mundua erabat aldatuko dela eta familiak ere ezin izango diola babesik eman. Ordenagailua eta Excel moduko programak erabiltzen ikasi beharko du, eta eskaerak Internetez egin. Ortografian dituen hutsuneak nabariak izango dira, baita geografian eta estatistikan dituenak ere. Nire ustez, Manolitok irakasle-laguntzailea beharko luke eskolan, Hezkuntza Sailak horretarako dirurik ez dagoela esan duen arren. Horrela, agian, ez lituzke hilak ikasgelan esaten dena ulertu gabe jesarrita eman beharko; agian, ez luke mailarik errepikatu beharko; eta, agian, eskolan ere inportantea sentitu liteke.    

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).