Hangoak eta hemengoak

Erabiltzailearen aurpegia Eder Merino, irakaslea 2017ko urr. 18a, 10:08

Eder Merino, irakaslea

Gure abizena nondik datorren badakigu; nongoak garen azpimarratzen dugu eta ingurukoak nondik datozen ederki ziurtatzen dugu. Naturalki. Kontzienteki. Hangoak eta hemengoak. 

Pertsonen nortasuna definituko balu bezala erabiltzen dugu jatorria, eta arriskutsua bilakatzen da aurreiritziak elikatzen ditugun heinean; kanpokoak eta bertakoak sortzen direlako eta “hangoak” despertsonifikatzen ditugulako. Baina noiz bihurtzen da hango bat hemengo? Kanpoko bat bertako? 

Lanpedusako oihuak mututu zituzten; gure telebistetako parrilletatik desagerrarazi, eta orain isilean ari dira odolusten. Oskorrik ondo baino hobeto erakutsi zi­gun zenbatzen; egunean behin gosaltzen dugu, bi dira norbait ezagutzean ematen ditugun musuak, hiru ziren ipuineko txerritxoak, eta bost mila, joan den urtean mediterraneo itsasoan ito ziren “hangoak”. Adioaren aingura pisutsuagoa da bestaldean ongi etorririk ez dagoenean eta horrela urperatu ziren bost mila istorio. Bost mila. Isilean. Zenbaki baten atzean gutxietsita. Eta gu bitartean, he­men, telebistak esandakoa irensten eta gure kontzientzia “mute”-n jarrita;  jatorriaren aitzakiarekin despertsonifikatzen inoiz “han­go” bihurtuko ez garen ziurtasun osoarekin.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).