Mina

Erabiltzailearen aurpegia t: Eder Merino, irakaslea 2022ko urr. 4a, 09:29

Iraileko ostegun hartan “taberna osoa” edateko promesa egin zuten. Bazuten alkoholetan zer ito: mina.

Ikasturte hasierak ekartzen duen drama-puntuak lagunduta jesarri ziren mahai inguruan, entzuteko baino, hitz egiteko prest. Garagardo artean hasi zen norgehiagoka: batek azpimarratu zuen eztulak jota ahul sentitzen zela; besteak haren hitzak gutxietsi zituen eta ahotsa altxatuz esan zion oraindik A gripearen ondorioak pairatzen zebilela, eta hori bazela sufrimendua. Ika-mikari atsedena eskaini zioten zurrutada bana hartzeko. 

Han jarraitu zuten, ea gehien nork sufritzen zuen, ea sakonagoa noren mina zen, eztabaidatzen, aurpegiratzen. Halako batean isildu ziren, bata besteari begira; orduan konturatu ziren ez zeudela han besteari entzuteko: barrenak hustutzeko geldituak ziren, inongo leziorik itxaron gabe. Sarritan, daramagun zama arintzeko, norbaitek entzutea baino ez dugu behar, inongo epaiketarik gabe. Bakoitzak bere errealitatea, bere egia, bere mina.

Behingoan ohartu ziren erantzuna baino lehen galdera etortzen dela eta, eman ordez, iritziak beti eskatu behar direla. Beti. 

Barre egin, eta erabaki zuten arestian egindako promesa hark beste bi garagardo merezi zituela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).