Oraindik ere, “zorizko” sarekadetan azal kolorea garrantzizkoa da, etxebizi- tzen alogerean zein lan-aukeretan inporta duen bezala. Kultura minorizatuen azentuak eta keinuak irrigarri uzteak axola du jai-giroa aprobetxatuz gorputz arrazalizatuen ezaugarriak barregarri- tzeak beste. Inoiz ere “hango” bilakatuko ez garen harropuzkeriaz “hemengoen” eta “hangoen” arteko bereizketa egiteak diferentzia sustatzen du; eta, bide batez, “alderantzizko” arrazismoan sinesteak sistema eredu biolentoaren betikotzea dakar. Oraindik ere.
Bazkalosteko koinatuen arteko tertuliak bezain usteldutako sistemak periferiara mugatu ditu eredu eurozentristei eta zuriei jarraitzen ez dieten identitateak. Eta egoera okerrera doa, eskuinera alegia, eta bazterretan, marjinetan, beti bezala, bizirautea eta borrokatzea baino ez dago.
Bazterretan aski borrokatzen duen Angela Davisek zioen gizarte arrazista batean ez dela nahikoa arrazista ez izatearekin, antiarrazista izan behar dela norbera. Eta bai, martxoak, eta urteak berak ere bai, baditu agendak markatzen dituen 21 baino nahikoa egun gehiago gure zilborretik begirada altxatzeko, antiarrazismoa aldarrikatzeko eta sistemari bira emateko.