“Neure kontzientziak pisu handiagoa du mundu guztiaren iritziak baino”, aldarrikatu zuen Zizeronek. Iritzia. Zerbaitez edo norbaitez eta, bereziki, gai edo arazo eztabaidagarri batez pentsatzen dena. Batzuek, Zizeronek bezala, ez dute inolako arazorik eurena partekatzeko. Beste batzuek, poltsikoan eraman ohi dute iritzia, eta atera ere etxeko giltzak kale erdian ateratzen diren moduan ateratzen dute: zertarako?
Esan egiten da ezberdin pentsatzea aberasgarria dela, adierazteko askatasuna guztiaren gainetik dagoela eta, noski, nahiz eta besteen uste berekoa ez izan, errespetatu egin behar dela. Baina egia al da, ala norberarekin bat datozen horiei begi hobeagoekin begiratzen zaie? Izan ere, asko eta asko erosoago sentitzen dira iritzi ezberdinik onartu behar ez badute; ulertzea aditz zailegia omen da, eta, epaitzea eta inposatzea nahiago.
Gauzak hala izanik, filosofo latindarrarekin bat egin dezagun: sentitu, pentsatu eta esan. Ez zigortu norbere burua gainerakoen ulermen-gabeziagatik. Azken finean, inor ez bada gure ordez hilko, ez daitezela gure izenean bizi.